AZALPENAK

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

Iturria: Azalpenak, Estepan UrkiagaLauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

http://klasikoak.armiarma.com/

 

Egileari buruzko informazioa:

       http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00221.htm

 

 

1. IPUIÑAK

 

 

Ziñaldaria

 

       —Baiña goserik ez dozu ala? Aspaldian jakan zagoz, ene andra ori, eta osagille bateri dei egin bearko deutsogu.

       —Jakan be ez nabil, baiña gitxiaz naikotuten naz. Emakumeak ez dogu bear zuek aiña. Ba dakizu urde goseak ezkurra amets dauala; gose banintz, patatak eta indabak jango neukez.

       —Zurbil ikusten zaitut ganera. Jan egizu gura dozuna. Olakoxe barriketa erabilli giben etxean Mendigoiko ezkonak. Andreak ez giban jatorduetan ezer be jaten eta gizona larri egoan. Egunak joan egunak etorri, beti bardin. Solora zuzendu ziran ba. Atxurrean ebiltzan bitartean, emakumeak deadar egiten eban baten bategaz izketan balegoan: —Bai, oraintxe noa; itxaron egizu, or etxean daukot eta.

       Arin etxera zuzenduten zan, gizona soloan itzita. An iñor ez egoan, baiña sartu sutondora ta oillo zuriaren gorringo biko arrautza ta txarriaren urdaiazpikoa prijiduten ebazan. Ogi apatzagaz gero txurrut be edanik, betebete egiten giban urdailla.

       —Or bestaldeko Petra etorri jat umearentzako mantzanilla billa, gaixorik dauko bata. Emon deutsot etxean egoan apurra. Osatuko al jake.

       Senar gaixoak dana siñistuten eutson.

       —Bai, zoritxarrekoa izan da Petra ori bere umearekín, beti gaixorik euki bear.

       —Ori esan egizu ba.

       Egunero egiten eban emakumeak olako tranpea. Gero ezin jan indabarik eta patatarik. Gaztaiñak eta azak gizonarentzat; berak esne epela, garabantzuak eta gaztaia bakarrik jaten ebazan.      

       Egunero solotik etxera joaten zalako, gizonari zurrumurru sartu jakon barruan, ainbeste joan—etorrigaz. Egun batean atzetik jarraitu eutson eta sutondoan zer egiten eban andreak ikusi be bai. Ixillean itzi eutson eta gabean jakan egoala ikusi ta esan eutson:

       —Marija, kolore txarra daukozu. Agoan barriz, usain txarra nabarituten deutsut. Zatoz onantza ea.

       Eta suurra arrimau eutson agoraiño.

       —Zuk gero arrautza usaiña dariozu, baita txorixo ta txarriaren urdaiazpiko giarrena be. Ez da olakorik izango gero?

       —Jesus milla bidar, pentsau be olakorik. Zer uste dozu gero. Ai ene bada, ni naz errukarria. Etxekaltea nazalakoan zagoz eta.

       Aren negarrak eta zizpuruak! Senarrak bakeak egiteko usaiña bakarrik izango zala esan eutson, berak be trabenan jan ebala arratsaldean txorixoa eta.

       Urrengo egunean ez zan atrebidu gure Maria solotik etxera etorten, baiña laster barriro leengoak egitera jo eban.

       —Bai, oraintxe noa. Jesus, beti neuri gedarrez dabiltz orreik. Bakean be ez deuste itxiko. Geure soloan bedarra ta kardua izango da urrengoan ba. Uiñutzako Kasilda dalakoan nago.

       Eta tanpatan-tanpatan, etxera joan zan. Aren poza barriro sutondoan, eskaratzean aurkitu zanean. Bakean oillo zuriaren arrautza jango eban. Prijidu ebazan txorizo bi, arrautza eder bat gorringo bikoa. Baiña leenago illenti bat, suak gorritu dauan zotza artu eta asi zan onelatxe:

       —Urdail ori barriro be salatari izango ete az? Salatari malatari, apez—usku milikari.

       Zotza agoraiño eroan eban. Baiña leiotik senarrak ots egin eutson:

       —Maria, zer da ori? Urdailla ez jatzu salatari, neure garrote au izango ja tzu salatari. Jakan e? neuk emongo deutsut zuri jaten. Ea solora. Konke gaixorik bestaldeko umea, ezta? An izan ziran garrantziak eta deadarrak. Soloko karduak kendu ebezan bai, laster eta emakumeak jaten ikusi be bai. Azak, patatak eta indabak ederto jaten ebazan gero.

       Andrearen tranpak etxeko ondamenak. Emakumea ta katua beti non sartuko mosua.

1931-VIII-11

 

 

Buruko miña

 

       —Zer jazoten jatzu aspaldion? Artega gaukozuz zeure buruko miñak dirala ta ez dirala. Itxuraz barriz, ez daukazu antz txarra.

       —Zagoz ixillik, Josepa, zagoz ixillik! Nireak egin dau. Jakan nabil, iztarrok joan eziñik, eskuak luzatu jataz, begiak zorroztu, matraillak zurbildu, ezpanak zuritu,

       bularrak txikitu, uleak jausi, eta soin guztia auldu, otzitu, argaldu eta ezereztu.

       —Ene bada! Ez daukozuz samintasun txikerrak be sorbaldan, esan dozuzanok badaukazuz. Baiña non dozu oiñazerik gorriena?

       —Buruan, ezin igitu daiket bururik, orratzakaz zulatu deustela dirudit eta. Zori txarrean nabil.

       —Osakai batzuk aurkitu bearko doguz ba, osatu edo sanotu zaitezan. Orrela ezin aurrera iraun geinkelako. Emakume batek zeregin andiak daukoz etxean eta gaixorik zagozan artean dana alde batera lagata daukazu.

       —Ori esan egizu ba. Neure etxeak ez dauko etxearen antza be, ezta urrik be.

       —Eta osagilleak zer esaten deutsue, ba? Ez dauke osakairik? Jaten zer agindu deutsue?

       —Arrautzak eta opiltxo beroak jaten dodaz. Esnea be bai. Natilla apur bat ez jat txarto etorten. Edari gozo batzuk be atsegin jataz. Ardao zuria edo jereza goizetan, eguerdian be klarete tragotxo batzuk. Arratsaldean txokolatetxoa gozoakaz artzen dot. On egiten deustala uste dot. Gabean be gauzatxo fiñak jaten dodaz. Oillaskoa, txoriak edo, gizonak badakarz eta okela bigunak.

       —Ez zara txarto be bizi gero! Eta orrelako gauzak erosteko txinditan be eralgiko dozu askotxo, ezta? —Ondamendia auxe jaku! Osatuko banintz ostera. Erremediorik ez ete dakizu zeuk?

       —Bai, erremedio batzuk ba dakidaz, baiña salneurri andikoak dozuz. Zeure gizonagaz leenago egon gura neuke. Karuegi diralako edo, ez dakit atsegin izango jakozan.

       —Ezta, gixajoak neuk gura dodana egiten itxiten deust eta.

       Barriketaldi au euki ostean, Josepak eta emakume gaixo-izunak Martolori agertu eutsozan zelako erremedioak bear ebazan bere emazteak. Buruko miñik kalabazarik arek ez eukon, aitzakiak ziralako guztiak.

       —Itxi egistazu bai, eta neuk laster osatuko dot ori.

       —Baiña zelan osatuko dozu zeuk ba? Antziñatik txarto badago?

       —Orren koplak laster kenduko dodaz. Neu be emakumea nazana ez dakizu ala? Olako txarpatxoak ondo dakidaz. Baiña ara, neuk eroango dodazan osakaiak karuak dirala esango deutsazu; bere onerako diran ezkero, barriz, zeuk ontzat artu dozuzala. Injeziño batzuk emongo deutsodaz uragaz bakarrik. Karuak diralako autua baiña, sarri esan bear jako.

       Esan eta egin, urrengo egunean eldu zan geure Josepa bonbiltxo batzuk eskuetan ebazala. Agur eta agua maitekorrak alkarreri egin eutsoezan.

       —Eta badakarzuz ala? —itaundu eutson gizonak—, emen dago neure emazte on au buruko miñakaz. Esan deutsot osakai karuak dirala dakarzuzan oneek, baiña pozik ordainduko dodazala onerako bajakoz.

       —Bai, ementxe dakardaz, Mari maite ori. Karuak diran arren, osatuko zabez. Ez bildurrik euki, injeziño batzuk dira. Bakoitzak ogerleko asko balio dabenak. Oneetariko bat artzen dozu ezta? ta iru egunerako ondo zagoz, buruko miñik ez koplarik ez dozu sentiduko.

       —Eta zelan emongo deustazuez ba? Bildur be ba naz… —Ara, besoak erantzi egizuz bái? eta ortixek ondoen artuko dozuz.

       Gizona, gaixoa eta Josepa alkarrekin larri ta artega ebiltzan injeziño garrantzitsuak emoteko egozan ba ta. Mari gaixoak besoak erakutsi ebazanean rik-rik sartu eutson injeziño ori. Ai ene ta ai ene! asi zan gaixoa, baiña alperrik. Sartu eutsoen osakai ederra. Andik ordu erdi barrura bestela ei egoan Mari andrea. Olan be, zelako bakean egoan. Buruko min barik.

       —Milla esker zeuri Josepa laztan orreri osakai eu ekarri dozulako.

       Olantxe zortzi egunean emon eutsoezan urezko injeziñoak eta geure gaixoak buruko miñik ez eban nabarituten. Olako baten gizonak ots egin eutson.

       —Mari, ondo zagozala orain diñozu ezta? Jan bearko dozuz ba, gaztaiñak eta indabak eta gaiñerakoak, besteok jaten doguzan legetxe. Koplak baiño ez dozuz euki.

       —Ene, olakorik esatea be. Eta artu dodazan osakaiak ezer ez badot euki, zergaitik ekarri deustazuz ba?

       —Ba dakigu zer izan diran zeure injeziñoak? Ur utsa. Uragaz osatu zara!

       Zortzi kolorek aurpegira urten eutsoen. Josepa atrapau baleu, eskuetan berton erailgo eban. Aren amorrua!

1931-X-28

 

 

Iruzurra

 

       Bidasoa ertzetatik Espaiña barrura gauza askotxo sartzen dirala, guztiok dakigu. Kontrabandistak zuurrak dira gero. Euzkotarrak dirala badiñogu, zuurrak dirala esango dogu.

       Gaur seda pillo galanta ei  dakarre kontrabandista batzuk.

       —Entzun dot zeredozer, baiña ez dakit ba.

       Onela izketan jardun eben mikelete bik. Barrabanak ei ziran ba karabineroak eta! Gizon orreek ei ziran kontrabandistarik gorrienak. Gipuzkoako jagole oneik ostera zuur egozan, besteai tunda andi bat emoteko. Bide ertzetan jarri ziran mikelete aldrak eta notin bakoitzari burutik oinetaraiño azterketak egiten eutsoezan. Alakorik! Iñondik iñora ez eben sedarik idoroten. Beste bide batzuetatik joan ete ziran ba? Mendiak igaroteko ez egoan egun argi. Errekak ostera, urez beterik joiazan eta gauza erreza ez zan kontrabandistak Albogain ondotik bage beste zidorretatik joatea.

       Egonak zeredozer onik ekarten dau bai?, eta an egozan gazteak. Ordu bat, ordu bi. Alperrik baiña.

       —I, ez dok gurdi bat ikusten an urrenean?

       —Bai, antxe jatorrek, baiña galtsua jakark, besterik ez.

       —Zer jakarken ikusiko joguk. Baserritarrok ez dozak makalak gero, gizon argiak baiño. Leengo batean ilkutxa batean ez ebezan igaro bonbil batzuk edo?

       Gurdia geldiro aurrera etorren: Astirik naiko eukolako edo. Bide ertzetan mikelete batzuk egozan. —Eta gizon, zer dakark gurdian ba?

       —Zer uste dozue, ba? Urregorria dakardala? Ez, ba. Ona neuretzako urrea ekarriko baneu orain!

       —Galtsua ekarteko ordua dozu ala?

       —Bear dan gauzea ekarteko ordurik ba dago ala? Ez ba. Gosea ez da guzurrakaz kenduten ezta?, eta geure etxeko abereak ez dauke besterik auxe baiño.

       —Ederto, zoaz aurrera. Eta itauntxo bat: ez ete dozuz ikusi or bidean kontrabandista batzuk edo?

       —Ezta, orreek gau txoriak dira. Ez dira edozein tokitan idoroten.

       Leenengo mikelete orreik itxi eutsoen bakean. Bigarrenak ostera, zuurragoak ziran. Arek ez egozan kokolo-mikolo egin eta.

       —Kaixo morrosko!

       —Gabon. Erre gura dozue edo?

       —Ez ba. Naiko erre dogu. Ganera or dakarzun galtsuak sua artuko baleu, laster autsa biurtuko litzake.

       —Bai eta —bigarren mikeleteak— azpian dakarzun sedeak…

       —Bai, azpian koplak. Karabiñeru asko dago or bide ertzetan sedak igaroteko. Oba izango litzake guztiontzat orreik ez balegoz. Barrabasaren semeak dira. Betiko loak atrapauko al dauz!

       —Tira ba, asarre andia agertuten dozu karabiñeru gaixoen aurka.

       —Bueno, arin ibilli bear dot. Aurrera joango naz edo ez? Zer gura dozue?

       —Itxo, itxo. Emen galtsua ikusten dogun arren, azpi ezer danentz begiratu bear dogu.

       Esan orduko mikelete orreik asi ziran dana ikusten. Galtsua kendu eben eta gurdi azpian zer idoro ebela us dozue?

       Alakorik! Azpiko sedak zainduten karabiñeru etorzan. Ikaratuta geratu ziran geure mikelete gaixoak. Urrengoan be bide ertzetan egon bearko eben luzaro baserritarren begira.

1931-XI-3

 

 

Argirako

 

       Euzkadiko erritxo batean jente elizkoia daukagu. Emakumeak batez be beti eleizan sartuta dagoz. Alagalako txanagusiak emoten dabez emon be, deunen argitarako. Gizonak ostera argitarako barik, ardaotarako naiago dabez diruak.

       Orain be Luke deunaren oindian edo altarean kandela barriak imiñi bear ei dira. Emakume bakoitzak lauerleko bana emon ezkeroan, naiko litzake.

       —Zer, ba? Zuek gizonak ez dozue eralgiten nai aiña? Geuk be deunai argiak biztuten edo zer edo zertxo eralgi daikegula uste dot.

       —Eta umeak gosez. Prakak apurtuta daukodaz zuloz beterik. Inork zer esango be. Kosetxuk ostera epertxuntxurra be agirian darabil… Deunai argia diñozu, argia?

       —Siñiste bako ori, zagoz ixillik. Jaungoikoak emoten deusku eguneroko ogia ta aurrera be emongo deusku ta…

       —Tira ba. Biar igandea dalako, neronek emongo dot deunarentzat txindia. Ikusiko dozu zelan jaurtiko dodan neure emontxoa Mikel deunaren kutxara.

       Emaztea poztu zan senarraren esanagaz. Sikeran be, iñoren aurrean lotsatu bearrik ez eban eukiko. Gabean amets egin eban Mikel deunak pozik barre egiten eutsola limosnatxo aregaitik eta. An ikusi eban bere senarra oindi aurrean auspeztuta bularreko galantak artzen. Amets orrek ez eutson atsegin txarra be egin.

       Eleizako joaleak dingilin-dongolon asi zireneko, izarrik egoan geure Pepatxo.

       —Eup, Jose! Jaunaren izenean gora jaiki zaitez. Ordua da eleizara joateko ta.

       —Zer gora ta gora ez. Itxi egistazu bai? bakean, logura daukot eta.

       —Eta atzo esan zenduana noiz egingo dozu, ba? Mikel deunari txindia emongo zeuntsola ez zenduan esan ba?

       —Gora ba, ta goazen eleizara.

       Esan ebaneko jagi zan geure gizona. Aurpegia garbitu ta jantzi zan arin-arin, eleizara eldu gura ebalako.

       —Aurrerengo jarriko zara gero, e?

       —Zer, ba?

       —Orrek bestaldeko emakume lotsabako orrek esaten daualako geuk ez dogula iñoiz deunentzako txindirik emoten. Ikusi dagiala zelan emoten dozun! Asko emon gero!

       —Bai, bai, aurrean jarriko naz. Laster dozuz emen andra guztiak zeure zorionak egiten.

       Emazteak amets samurrak ebazan: «Oraingoan benetan doa. Au poza daukadana! Neure buruan ez da ikasi bearko geienetan».

       Eldu zan ba Jose eleizara ta leenengo jarlekuan jezarri zan. Elizkoia ez zan ta guztiak bere adi egozan. Jaupa edo meza ostean euren platillotxoak artuta diru eske dabiltz mutikotxoak. «San Antonioren argientzat», «San Jose argientzat». Onela ebiltzan deadarka eleiza zear. Jose egoan ondora eldu zan ba mutikotxo gaixoa. «San Mikelen argientzat» Gaixoak begi errukarriekaz begiratu eutson Joseri. Zeredozer emoteko edo be!

       —«San Mikelen argientzat».

       —I, txotxo, esaiok San Mikeleri, goixetiago joan daitela oera ta ez dauala bearko argirik. Zer argirentzat edo zer barrabas eskatuten dabe emen! Oera goizetik joan eta bakea! Orixe esaiozu deunari neure partez.

       Ikaragarrizko barre algarak egin ebazan mutikoak. Baiña Pepatxok negar egin eban entzun ebanean erriko guztiak bere lepotik barreka egozala.

       Zer egingo dozu, ba, munduko gauzak onela dira.

1931-XI-27

 

 

Endore jauna

 

       —Endore jauna bear dogu. Nor baiña jarriko ete? Arlote bakoitzik ba dago erri onetan! Endore izateko barik artajorran ibilteko obeak dozuz.

       —Gizon asko dagoz eta batek edo batek balioko dau endoretzat be.

       —Zeuk edo?

       —Neuk ez, etxean be nagusi barik, menpeko nazalako. Iñoren agindua egin bear dot nik, iñorena, neurea barik.

       —Emakume prakaduna ezta?

       —Prakarik ez dauko, baina bigotea bai. Bizarkentzale bateri lan asko emoten deutso. Astean bi bidar kenduten dau bere bizarra.

       —Tira, tira, zeure emaztearen bizarrari bakean itxi dagiogun eta endorea nor izango dan erabagi dagigun. Ziñegotziak garan ezkero, erriaren onari begiratu bear deutsogu. Anton zaarra edo ona izango litzake?

       —Anton zarra ez, zorrez beterik dagoalako. Aren sakelean zorrik ez eta udaletxean bai jazoko litzakelako.

       —Peru bere ez da gizon txarra, baiña…

       —Bai, baiña ardaotan edango leuke upela bete. Amaikatxo oturuntz edo bankete egingo geunke erriaren lepotik.

       —Errian ez dago iñor, au ezkero, endore izatekorik.

       —Batzarra egin dagigun eta antxe erabagiko dogu ondoen.

       Gure ziñegotzi argiak deitu eutsoen erriko guztiai ta batzar galanta batu zan. Baiña abade ikasten edo ibilli zar barrabasa be an egoan. Onek ixillean entzuten ebazan gaixo arein izketak. Azeri txarra ez zan, azeri txarra. Guztiak ba etxera joatea erabagi eben. Ordu erdi bat etxean egin ostean barriz bakoitzak urtengo ebala eta leenengo erriko Eleizan egoan kanpai andia joten ebana, axe izango zan endore. Txalotu eben guztiak erabaki au. Tripili-trapala etxeratu ziran. Baiña abadegai barrabasa ez zan lotan geratu. Neu ez nok izango ezta?, ta ikusiko dozue zelako endorea eukiko dozuen. Asto zentailleak, ez dozue merezi gauza onik, zuek, jan eta porrot egiteko baiño ez zareelako.

       Arinka eldu zan eleizpera ta esku bete bedar lotu ebazan kanpaiaren sokatik. Bee barik goitxo ipiñi eban soka ori.

       Iges egin laster batean eta ostondu zan eleizpe ertzean. Andik ordu laurden ingurura kanpai otsa entzuten zan. Dingilin-dongolon, dingilin-dongolon. Ortxe dago geure endore jauna. Nor ete da leenengo kanpai jotera eldu dana? Arnas estuka guztiak etorzan, bakoitzak endore izan gura ebalako.

       —Kendu deuste peste orreik endore izatea. Zuur ez naz egon ala? Bai orixe, zuur egon naz neu baiño leenago inor eldu ez daiten, eta kanpaia jo dabela. Burua be zorotuko jat.

       Ango aztrapalak eta korrikak! Guztiak eldu ziran eleizpera ta antxe egoan endore izateko zana.

       —Nor, baina?

       —Nor? Bartolo zaarraren astoa! Bedarra ikusi eban bai? eta arin joan zan jaten. Sokari tira ta tira, endore izatera eldu zan.

       Ikaratuta geratu ziran errikoak. Ordurik ona esanak:

       Endore bear dozu?

       Janaria ipiñi egiozu.

1931-XII-5

 

 

Emakume izkerak

 

       Bultzian etorri nintzan atzo erritxo batetik. Zelako egoerea, ostera, bero-berotan! Kanpoan aize otza, euria ta kaskabarra.

       Zigarro bateri gogor egiten neutson eta keak goruntz egitan ebazan zirriborro meeai begiratuten aldia igaroten neban. Kea lakorik ez dago amets egiteko. Errezaleak ondo egiten dabe euren bide luzeetan zigarrotxo batzuk erretzen.

       Baina neure amets artetik laster atera ninduen emakumetxo batzuk. Bi ziran. Dotore jantzita be ez egozan, erdiz erdi baiño. Burua estalduta eleiz zapi batzukaz. Aberatsak barik, txarto ez egozan antza aurkitu neutsen. Txir-txor, areik ekarren barriketa! Ez zan gero areen alkarrizketa edozelakoa.

       —Eta zer uste dozu ba, bizitzeak orain eskatuten dabenantz? Geurean beintzat egunean amar edo amalau lauerleko bear dozuz.

       —Geurean be orrenbeste eralgiten dogu. Janak daroagu geiena.

       —Janak, dinozu, janak? Seme bakoitzari janari desbardiña egin behar. Neskatxoak barriz, gauza meeak eta onak bakarrik jaten dauz.

       Gaur berton zer uste dozu jan dogula? Bildoski atal bana, gero lebatza ta azkenean arrautzazko postreak eta igaliak. Ardoa be ez da gero txarrena ekarten, gutxi bada be ona.

       —Bardin antzean geuk jan dogu. Oilloskoa ta bisigua. Seme txikerrak barriz, langostea jan bear dauala ta ekarri deutsot oi dalako zati bat.

       —Patatak edo lapikokorik ez dau geurean iñork jan gura…

       —Eta geure gizonak? Zitza dozu a, zitza. Bere naia egiteko be! Ez dakizu zer gertu, ez dakizu zer atsegin izango jakon. Zeira noanean an nabil gauzarik onenak erosi eziñik, baiña guztiai akatsak idoroten deutsez. Neu edozegaz ederto nago, baina etxekoak ez.

       —Neu be olakoxea nozu. Porrusalda bategaz, lapikoko puntarengo nabil.

       —Bai, geurean lapikokoa aituten badozu, ona zagoz. —Lapikoko ona ez bada ezin jan leike, jan be ta. Nik txarri anka bat edo bi, okela zati ederra, lukainka bat ta abar, sartzen deutsodaz. Olantxe jan geinke, bestela ezta ezta… —Eta igalian zer uste dozu jaten dogula? Amabiko bat edo bi egunean artu bear izaten dodaz. Olakorik! Igaliak ez dagoz merke be!

       —Oraingo umeak mizkatuak dozuz, mizkatuak. Lengoan be, oillaskoa, txarri azpikoa eta lebatza neukozan mairako. Geure umeak barriz, pertzebe batzuk bakarrik jan ebazan. Gero the ona egin neutson, txarto jarri ez eiten be.

       Barre naiko egin neban, emakumetxo oneen izketak entzutean. Nondik nora ataraten dabez oneik, orrelako jakiak jateko? Egunean ogetaka lauerleko irabazi arren be, ezin olako bizikera egin daikegu. Etxea ordaindu bear da ogeitamar ogerleko, ikatza, esnea, argia eta abar.

       Langille batzuren emakumeak ziralako antza eukoen barriz, areik. Txindirik ez dagoala entzuten dogu, baiña an edo or badago. Eskerrak alkarreri agur samurkiro egin eutsoenean, korapillo onen ertza idoro neban.

       Geltoki batera eldu gintzazanean, jagi zan bata, antxe jatsi bear ebalako.

       —Agur eta gorantziak etxekoak.

       —Mosuak umetxoari. Agur eta etorri gura dozunean geurera.

       Aldendu zaneko emakume argalena, besteak bultzian zirt-zart igi batzuk eginik, abots gogorragaz esan eban:

       —Mamala orrek uste dau, janaritzaz esan dauana siñistu dautsodala. Ondo dago, neuri guzurra sartu deustela uste badau!

       —Zeuk be ez neuri —erantun eutson besteak kanpoko leiotik.

       An izan ziran zaratak eta deadarrak entzutekoak izan ziran! Zelakoak esan eutsezan alkarreri! Guzurti, arroputz, mamala, ganorabako, koipestona, gangarra, sarjentona, gonerre. Alakorik!

       Eskerrak bultziaren otsa entzun zana. Tra-tra urten gintzazan Bilbaorantz. Laster beste zigarrotxo bat izotu neban. Emakumeen ametsak zelakoak diran oldoztuten joan nintzan.

1931-XII-10

 

 

Ezkontza

 

       Etxezuriko neskatilla ez zan motza, polita baiño. Aren ederrari nengoan aldi luzeetan, baita beste bat be. Basetxe andiko semea zan ezkero, Joseberen ameak ez eutson begikuna txarra egiten, ezta erdirik be! Alabeak ostera neuri begiratuten eustan, beste morroskoari baiño kutunkiago.

       Zelan baiña, bidetik kenduko neban jauntzaren semea? Ez zan erreza be. Ameak ez eutson itzai ardura andirik egiten, txindi otsai baiño. Landa zabalak ikusten ebazan neure arerioren eskuetan. Mendietan be; nai aiña, beiak eta idiak eta erdiak, bazkatuteko. Zaldi zuurrak eukazan arek, aizea be atzean itxiten ebenak.

       Burruka gorria asi genduan ba, bion artean.

       —Kenduko zaitut, laster kendu be, astotzar ori —esan neutson olako baten.

       —Tximiño aurpegi orregaz nor kenduko dok ik! Joten ba aut…

       —Uste dok lau txanpon daukokalako erregea baiño gorengoa azala… Lelotzar jebo ori.

       Egunak aurrera egiten eben eta aldia galduten egoteko gurarik ez neukon. Erabaki bear zan gauza a. Joseberi itz asko esan neutsozan, baiña alperrik. Ameak esaten eutsona egin bear ebala, berak iñostan.

       Amaikatxo gauza bururatu jatazan. Etsai areri tiro bat emongo ez ete neutson? Ez zan bidezkoa ori. Ezkongaia ostu eta neurekin eroango ete neban urrusera? Txakurkeri bat zan au be. Txindi billa urrunera joan eta aberastu ostean eskatuko neban aren eskua. Baiña artean ezkonduten bazan? Buruko min asko nerabillan. Azkenean auxe egin neban. Ondo edo txarto egiña dan zeuk erabagi, irakurle.

       Gaba askotan neure aurkakoa joaten zan Joseberen leiora, neu be bai batzuetan. Aren ameak laster susmatu eban ni an negoala ta deadarka jaurtiten ninduan. Bestearentzat labankeri asko eukon.

       Olako baten eldu nintzan leiora, baina otsik ez neban egin. Eta an atzamar luzea sartu agora ta tripak jaurti arte ekin neban. Gomitau neban guztia. Ardao askotxo edan nebalako, dana egoan loi ta zikin. Mozkorti galanta izango zan an oka egin ebana.

       Urrengo egunean goizetik jagi nintzan eta Joseberen etxeruntz niñoian. Jaupatik etorren neskatilla aren amea.

       —Egun on.

       —Jaungoikoak emon.

       —Etxera ezta, etxera?

       —Bai etxera.

       —Aro ederra dauko ta.

       —Bai aro ederra daukagu.

       —Eta bart zer jazo zan zuen etxe ondoan edo? Lotsagarria da gero olako bateri etxe ondora etorten itzitea be!

       —Zer dinostazu? Bart zer jazo da geure etxean ba?

       —Ez dakizu ezer? Alabearen ama ona zagoz! Erri guztian zabaldu da or jazo dana.

       —Mesedez esan egistazu. Larri-larri nago.

       —Oraintxe ikusiko dogu zer jazo dan. Goazen zuen etxe ondora. Antxe idoroko doguz atzoko jazokunaren urratzen batzuk.

       Arin-arin egin genduan Joseberen etxeragiño. Ama gaixoa larri etorren neuk esan neutsozanak entzun ostean.

       —Ikusten dozu au? —Joseberen leio azpira begira esan neutson.

       —Au da txarrikeria! Mozkorti galantak ibilli dira bart emen. Jesus! Nortzuk baina ausartu dira neure etxeragiño etorten olan?

       —Ara an goian dagoan jauntzea. Ango mutilla emen izan zan bart. Illuntzean ikusi neban mozkor ikaragarri bategaz. Oka egin dau emen gero. Lotsarik be ez dauko. Igande guztietan mozkortuta dabil.

       Joseberen ameak ixillik entzun eustan guztia. Ikaratuta egoan. Bere alabearentzat autatu eban mutilla mozkortia zala jakin eban. Ziñaldari antxe egoan txarrikeri guztia.

       —Gura dozu geure etxean sartu?

       —Pozik be bai!

       —Erdu ba, batek edo batek pozik ikusiko zaitualako.

       Alantxe izan zan. Josebek pozik artu ninduan. Laster ezkontzako arazoak zuzendu ta bakea. Martin neure etsaia ikusten dauan bakoitzean amaginarrebak «pug» egiten deutso. Mozkorti bat dalakoan dauko. Egia baleki!

1931-XII-13

 

 

Gai barik

 

       Arraintzan amorratua Joseba auzokoa. Igande goizetan zarata andiak izaten dira euren etxean.

       —Gosaria gertau deustazue edo? Sua be ixotu barik oindikarren? Lotsarik be ez daukozue, lotsarik be ! Arrain asko ekartea atsegin jatzue gero?

       —Zagoz ixillik gizona, emen daukozu gosaria prest eta.

       —Arin urten gura neuke ta…

       —Eguerdirako ostera lukainka bi, tortillatxo bat, lebatza ta igaliak ipini deutsudaz. Ardoa bonbillatxo baten daukozu.

       —Ederto dago, andratxo, ederto! Ikusiko dozu zelako arraiñak ekarriko dodazan.

       —Ez dakit ba arraiñik ekarriko dozun, baiña bai oidalako jakiak daroazuzala. Ez zara txarto bizi, zeure arraintza kontuakaz.

       —Ez ikaratu, danerako atarako dogulako. Mungiako ibaira noa bai? eta an diran arrankari ederrenak ekarriko deutsudaz. Aste guztirako janaria eukiko dogu. Okelarik ez arraiñik ez dozu zeiatik ekarri bearko.

       —Ea ba ekarten dozunentz askotxo, gero?

       —Agur. Ba noa arin be arin, bultzia artu dagidan be. Bultzi arek arin egiten dau.

       —Ba daroazuz gauza guztiak gero?

       —Bai. Ementxe daukodaz janariak, beste sakel orretan edaria. An barriz oiñetako batzuk. Ez dot ezer uts egingo

       Tripi-trapa urten zan bere etxetik. Askao txaide zear laster eldu zan Mungiako geltokira. Sartu zan bultzian eta dri-dra dri-dra an joian goizeko ozkirritan. Erandi-Goikoa, Asua ta Artebakarra inguruetan eiztarien tiroak entzuten ziran. Artatxori bat ikusi ordukoxe, milla eiztari urtetzen dira Bilbaotik. Txakur zuurrak, ausika ebiltzan. Eta bultziaren kea zeruan ikusten zan luzaro, goizeko laiño artean ez zelako ostenduten.

       Bizkargi ganetik agiri zan eguzki argia. Landa zabaletan beiak eta idiak egozan bedarra jaten. Esne saltzen dabiltzanak beean ikusten ziran euren kaikutxoakaz.

       Txori—Erriko landak baizen ederrik ez dago iñon, batez be goizalde argietan. Zoratuta joian geure arrantzale argia be. Leioko leiarrak laiñoa eukolako edo, idigi ebazan guztiz. Baiña atsotxo batek mesedez zarratu egiala eskatu eutson.

       Mungiara eldu zaneko, tripi-trapa abiatu zan ibaira. Maketo antzeko batzuk be urgarisoak atrapaten edo, an etorzan. Arraintzan etorzanak baiño geiago ziran eiztariak. opatxo bana artu eben, barrua poztuteko be…

       Eta geure Joseba arro-arro muna ertz batera joan zan. Erreka ertzean altzak dagoz, zumel eta bedarrak. Angira asko dagoela diñoe, baina ez arrankaririk. Josebari ardura ez eutsun ezerk be. Jezarri zan patxada ederrean, atara eban lukainka mustur bat eta ardaotxo gozoagaz ondo jarri zan. Rist-rast, gora ta bera, uretan loiñak ebiltzan. Arein zillarrezko ziztak ikusgarriak ziran. Barre egiten geure gizonak: Laster jausiko zaree, laster; ibilli orain, ibili, gero neure sakelean artuko zaituet eta!…

       —Eta zer dakarzu ba? Arrain asko edo?

       —Zagoz ixillik andrea, zagoz ixillik…

       —Zer jazo jatzu ba? Ezbearren bat…

       —Amuak eta kainaberea ez jataz aiztu ba! Apareju barik joan naz, etxean dana itzita!

1931-XII-20

 

 

Intxaurrak

 

       Ezkontza egin bear zala ta, ezkontza eratu eben Kortabarriko eta Etxegoiko sendiak. Neska-mutillak ez ziran ezagututen, baiña gurasoak alantxe gura ebelako, eurek be pozik egozan.

       Igande baten Mungiako ardandegi koskorrean alkartu ta ezagututeko, alkarreri dei egin eutsoen. Arro-arro jantzita etorri ziran guztiak. Neskea puntillazko gonakaz eta guzti.

       —Egun on. Zelan bizi gara edo?

       —Ondo ta zeuek? Au dozue alabea ezta?

       —Bai, auxe dogu.

       —Ara Mikel, auxe dozu ezkongaia. Itz egizu beragaz. Alkar ezagutu dagizuen be. Neska-mutillak alkarreri arrera biurra egin eutsoen. Bildurrez antzo urreratu ziran. Gorrigorri eukon bere aurpegia neskeak. Mutillak be itzik ezin egian.

       —Poztuten naz zeu ezagutzeaz.

       —Neu be bai, zeu zaran ederra ikusteaz.

       Ez eben beste itzik egin geure ezkongaiok. Gurasoak ziran an guztiak. Areik rasta-rasta berba egiten eben. Zelako dotea eroango eban neskatilleak eta noiz ezkonduko ziran.

       Amak emoten eutsozan izara barriak, oe bi, lau oeganeko, azpillak, suteko tresnak. Ganera antziñako kutxa zarra be emongo eutson. Usuilla, bururako zapia ta pare bi oskin. Ez zan gitxi be. Txinditan bosteun erreal naiko izango ziran.

       Mutillari ostera idi bi ta beiak, gurdi bat, area, goldea ta astotxo bat. Txinditan askorik ezin emongo eutsoen, beste bost neba-arreba eukozalako. Millatxo bat erreal emongo eutsoezan, itxurarako be.

       Konforme ziran guztiak eta bakean bazkaria jaten asi ziran. Areen barriketak eta zeresanak!

       —Ta Kasilda, zelako iruditu jatzu ezkongaia edo? Ez da morrosko galanta?

       —Mikel berak be ez daroa edozelako neskea. Berakatza baiño be fiñagoa dozu au.

       —Bai, gurasoen antzekoak dira— an egoan batek ots egin eban.

       —Ola, ta gauza txarra al da gurasoen antzekoa izatea?

       —Ez ba, orrexegaitik esan dot…

       Jan eta edan ostean jagi ziran maaitik. Txor-txor izketan ebiltzan guztiak. Ezkongaiok alkarrekin berbarik be ez eben egin eta urreratu ziran.

       Mutillak misterioz esan eutson:

       —Kasilda, erdu ona. Gauzatxo bat daukot zeuretzako.

       —Zer gura deustazu edo?

       —Egia esango deustazu, egia?

       —Esan egizu ba, esateko ori.

       —Gustaten ete naiatzu? (Au esatean lotsaz geratu zan morroskoa).

       —Ara, erantzungo deutsut zortzi egun barru. Pentsau bear dot leenago, pentsau.

       Ondo dago. Orain artu egizu nekartsun erregalutxo au.

       —Ene! erregaluak ekarten ibilli zara?

       —Bai, eutsi.

       Eta bere sakela zabaldu eban Mikelek. Zer uste dozue emon eutsola? Amabi intxaur erregalutzat emon eutsozan emaztegaiari geure Mikel orrek.

       —Asko be ez da, baiña borondate onez ekarri dodaz. eta…

       Olantxe ezagutu ziran geure gazte apalak. Gaur sei umeren gurasoak dozuz eta pozik bizi dira.

1931-XII-23

 

 

Idazlea

 

       Illargi ederra ikusten zan lorategian eta zeruko izarrak zugatzean kiñu egiten eben. Bake zoragarria sentiten zan alde guztietan. Loren usain bigunak joten ebazan Karla eta bere emazte zan Pilare. Antxe egozan urruti aldera adi. Itz ez eben egiten, zerura begira egozan eta.

       —Lo zagoz, Pilare?

       —Ez, itzarrik nago, baiña amesetan egiten dot. Ez dakit jazoten jatan.

       —Zergaitik ez ete zoaz zeure gelara ba? Antxe atsenduko zara.

       —Zoaz nai badozu, ementxe nago ederto illargi beteari adi.

       —Ba noa, ba. Otzak ez deust onik egiten.

       Eta joan zan Karla. Bere emaztea geratu zan lorategian eta amets egiten eban. Begiak zeru urdiñean eukozan. Zegaitik orren itun? Berak be ezin igarri izan eban.

       Idazle ospetsu bategaz ezkondu zan, irakurgaietan irakurten ebazan gauza ederrak sentidu nairik. Karlaren idaztietan agertzen diran maitaleak eta jazoerak ikaragarriak ziran

       Gizona barik idazlea maitatu eban. Alako idaztiak ebazan gizona maitagarria izan bear. Mundurik mundu ibilliko zan, toki guztiak ikusten. Eta ez jan eta ez edan beti zoro baten antzean ibilliko zan alde danetatik. Amets onek ezkonduazo eban, baiña idazlea beste gizonak lakoa zala ikusi eban. Goizean jagiten zan oetik, gosaldu ostean idazten jarten zan. Gero bazkalduten zan, akeita artu, abaro egin eta gaberarte idazten iñarduan.

       Nekegarri egiten jakon Pilareri bizitza a. Zoratuta bizi gura eban. Irakurgai bateko andereñoa edo izan gura eban. Baiña etxean ez eban ikusten ezer be. Eta urrun joateko asmoa sortu jakon. Betiko aldendu etxetik.

       Sartu zan bere senarraren gelara ta lotan egoan. Lotan idazle ospetsu a. Nork siñistuko eban alakorik. Jazki lodi bat artu ta urten zan etxetik. Landak eta aranak zear joian. Gau gardena zan eta ugarisoen karkarkarrak entzuten ziran.

       Ibilli ta ibilli aintzira ondora etorri zan eta an lamiñak bailiran dantzan ebiltzan lorak, aizearen mosura. Gau zoriontsu aretan benetan nabaritu zan irakurgai bateko anderea.

       Eta gabeko lilluragarri aiekaz arin baiño ariñago etxera itzuli zan. Urrengo egunean bere senarrari guztia esateko asmoa eroian. Oi zelako idaztia egingo eban gauza areikaz.

       Bizitza nasai billa doian emakumearen larriak, izentzat jarriko eutson idaztiari. Gabero urten bear eban ba, urrengo egunean guztia edestuteko.

       Senarrak entzun eta entzun egiten eban.

       —Baiña noiz idatziko dozuz neure jazoerak ba?

       —Zagoz bakean, egingo dodaz eta.

       —Benetan izango da irakurgai zoragarria egingo dozun ori. Gabeko illazkara emakume bat bakarrik zelai zear abesten, abesten. Aintzira urdiña bere ondoan eta gautxoriak gaiz. Noiz olakorik ikusi edo entzun dozu gero?

       —Ez, gauza ederrak dira idazlari batentzat.

       —Ea ba laster egiten dozun.

       Eta egin be egin eban. Ots egin eutson emazteari ta ingi pillo bat eskuetan ipiñi ostean, esan eutson:

       — Tori, zeure irakurgai ori.

       —Ene bada, auxe poza.

       Zabaldu eban lenengo ingia ta ona zer irakurri eban:

       «Emakume zoro baten ibilketak» Ikerearen ikerea eskuetatik jausi jakon ingi pilloa. Irakurgai bat idazteko gai billa ibilli ta zoratzat artu bera. Senarrak igarri ebazan aren gogaiak eta esan eutson labankiro:

       —Idazteko ez da zoroaren eran ibilli bear, biotzera sarritan jo baiño. Barruan idoroko dozuz irakurgairik ederrenak, beste guztiak guzurra baiño ez diralako.

1932-I-27

 

 

Urrutizkiña

 

       Bazkunetakoak asko giñan arren, beti adiskide batzuk alkarrekin batuten giñan Batzokiko areto baten. Ezkonduak batzuk, besteak ezkongaiak, amaikatxo barre egiten genduan. Alkarregaz gengozan bitartean baiña, bati edo bati ots egiten eutsoen urrutizkiñetik.

       Ola e? orain be emakume liraiñen batek deitu deutsu. Beti castigador!

       Arrotuten zan au entzun ostean, ezkondua zan arren, bere adi emakumeak egozala jakiteak atsegin egiten eutsolako.

       Urrengo egunean be deitu eskuen batzuei. Neuri be iru edo lau bidar ots egin eusten, baiña izparringiko arazoetaz baiño ez zan. Gengozan guztioi urrutizkiñez deitu euskuen, bati ezik. Gizon ona zan, baiña itun antzean egoten zana. 1

       Geure barriketak entzuten ebazan, berak itz gitxi egiñik. Etxekoakaz ondo be ez zala konpontzen esaten eben, baiña ez zan egia. Emazte maitagarria eukon bai? eta erranak be aurpegi ona egiten eutson. Zergaitik egoan ba bekoki baltz? Berari urrutizkiñez ez eutsoelako deituten? Amaikatxo ganorabakokeri esaten genduzan geuk urrutizkiñetik, bateko ezkongaiak, besteko emakume lirain bategaz itz genduala ta. Guzurra geienetan, baina alakoxe zoroak gara.

       —Jauna, urrutizkiñetik ots egiten deutsue —batzokiko otseiñak iñoan.

       —Emakumeren bat edo izango da— barreka esaten geuntson.

       Itun egoan geure gizona. Olako baten bere etxekoai adierazo eutson jazoten zana adiskide on batek. «Ara ba, au ta au jazoten jako batzokian eta ondo litzake biar edo deituko bazeuntsoe urrutizkiñetik». «Laster ots egingo deutsogu ba, ori baiño besterik ez bada», erantzun eutson erraiñak.

       Urrengo egunean ba alkarrekin izketan gengozan, abertzaletasuna edo politika arazoak geure agoan zirala.

       Bakean gengozala, jartu zan batzokiko otseiña.

       —Emen ete dago Z tar X?

       —Bai, ementxe dago —guztiok batera erantzun genduan.

       —Urrutizkiñetik dei egiten deutsoe.

       An ziran aztrapaladak eta barreak! «Arranotan iñoiz ez deutsuela deitu? Ola! Bestela zagoz!

       Urrengo egunean be urrutizkiñetik dei egin eutsoen. Laster joan zan eta emakume arexek itz egin eutson. Auxe siñistu eziña! Nor da baiña emakume lirain ori? Abots samurragorik ez dot entzun neure bizitzan.

       Zorioneko urrutizkiñak egunero dei egiten eutson eta geure gizon ituna aldatu zan oso. Izketan amorratua zan ta iñork baiño berba geiago egiten eban. Olerki batzuk be egin ebazan. Bere emazte eta erranak ikaratuta egozan. Tamalez eutson labankeri lar egiten emazteari. Bestearen abotsak zoratuta eukon. Itz egiten ebanean, aren goralbenak ziran. Emakume lirain ori aurkitu baneu neure bizitzan. Baiña orain belu da! Ez, jarraituko deutsot berak gura dauen tokiraiño! Zelako abotsa!

       —Baiña nor dan ez dakizu?

       —Ezin dot igarri. Laster jakingo dot…

       Aste bi edo iru igaro ebazan amets atsegingarri areikaz. Aldatu jakun gizona, ta beste bat zala esango zenduan. Pozik agur egiten euskun txaide zear. Akeita artzen leenengo etortzen zan. Egunak joanda baiña, bere emazteak igarri eban ari jazoten jakona ta dei egin eutson.

       — Erdu gelara, neure amaren gelara, gauzatxo bat daukot zeuri esateko ta.

       Ikaratu zan gizona, zer zan edo be.

       —Joseba, aldatuta ikusten zaitut aspaldion —amaren aurrean esan eutson emazte aratzak.

       —Ez ba, pozik nago zeure zoriontasuna ikusten dodalako. Ez naz izango pozez ba, zeu lako emazte bat badaukot!

       —Ez dakit ba. Orain iru aste dira ta aldatuta ikusten zaitut ta. Leen ituna ziñan, gaur ostera, barritsu zabiltz. Abesten be ikusten zaitut. Olerki bi idoro dodaz zeure kutxan. «Emakume amesgarri bati» Buruan irakurri dot. Argitaldu egiskuzu zer jazoten jatzun.

       —Ezer be ez!

       —Ezertxo be ez? —samurkiro erranak itaundu eutson— Batek edo batek ez ete deutsu urrutizkiñetik deituten?

       —Ez, ez ba… —zalantzan erantzun eutson.

       —Ez, ezta? Eta batzokian zagozanean egunero neuk ez ete deutsut deituten eta neugaz ez ete dozu itz egiten.

       «Seguru» be, batzokian iñork ez ei eban jakin gertakizun au! Erranak dei egiten eutsola egunero urrutizkiñetik!

1932-II-14

 

 

Zenbat bear dozu

 

       Saltoki edo dendan egoten diran morroskoak, eroapen edo pazientzi andia euki bear izaten dabe. Onek au, besteak ori, andikoak, ostera, milla oiu! Eun edo tela atara eragiten deutsoez. Saltokiko mutillak ixillik guztia egiten dabe, zeredozer salduko dabelakoan.

       Sarri ostera, ordu bi egin ostean, emakumeak esaten deutsoe: Ikusiko dogu ba, neuretzat ez da oial ori ta. Neure adiskide batentzat dan ezkero, esango deutsot ementxe daukola eunik ederrena. Urteten dira erosleak, ago zabalik dendako mutilla itxita. Olakotan asko ikusi izan dot aspaldion. Uri andiko andereak beste zereginik ez dabe eukiten eta goiza olan igaroten dabe. Au ikusi, bestea ikertaldu, ta itz txitxi-putxu egin alde guztietan.

       —Olaberen saltokia au ete da?

       —Bai, auxe dozu, emakume. Zer gura dozu ba?

       —Panatxo gorri bat billa nator eta emen daukozuezala panarik onenak esan deuste. Atara egizuz batzuk ea.

       —Bai, oraintxe atarako deutsudaz. Goian ere asko daukoguz eta uste dot aurkituko dozuna gura dozuna.

       —Margo bakana gura neure ba…

       Dendako mutilla asi jatzun atara au, bestea be atara. Saltokian egozan telarik geienak atara ebazan.

       —Ez ete daukozue besterik? Ez jataz atsegin oneik.

       —Bai, ba daukozuz geiago be. Oraintxe ekarriko deutsuguz.

       Eskertuko zaitut ondo serbitzen badeustazu. Mutillak aalegiñak egin ebazan panarik onenak ataraten, baiña erosleak alakorik ez ebala nai ba, erantzuten eutson.

       Ordu bi gitxienez egin ebezan panak ikusten. Alperrik, berak gura eban lakorik ez egoan eta. Beste emakume batzuk be an ziran saltokian eta eurai be arin serbitzeko eskatuten eben. «Tira arin-arin, gizona, egun guztian ezin egon geintekez emen eta».

       —Mesedez, itxaron egizue apurtxo bat, oneri serbitzen nagoan artean.

       —Eske nik gura dodan lako pana gitxi dagoz eta… Erakutsi eutsozan pana guztiak eta gero an ebillan mutil koskor bati deitu eutson.

       —Txo, ekarri egizak goian dagozan panak. Antxe dagoz ertz baten—. Aztrapalan igon zan mutikoa eta laster pana pillo bategaz beratu be.

       —Emen dakardaz geienak. Panarik ederrenak, iñon onak badagoz.

       —Oneek be ez dira neuk gura dodazan lakoak.

       —Tira ba, ekarri egizuz beste guztiak be. Zortzi edo geiago dagoz eta…

       Igon zan mutikoa bigarrenez eta etorri zan pillo galantagaz.

       —Auxe da neuri atsegin jatana —zarata egin eban emakumeak, azkenengo pana gorria ikustean—. Noizedonoiz azertau, dozunean be!

       —Poztuten naz zeure gustukoa bada.

       —Bai, pana ederragorik ez dot ikusi iñon be.

       Alboan egozan emakume guztiak batu ziran pana ori ikusteko asmoz. «Ederra da izan be» iñoen. «Akats batzuk be ba daukoz», iñoan beste batek, sekulan ez zan ba konformetan ezegaz be ta. «Zer dauko txarrik pana onek ba?» itaundu eutson morroiak.

       «Txarra be ez da egia esateko, baiña obeak be ba dira». Barre irritxo bat egin eban mutillak, zer egingo eutson ari ba!

       Begiratu emetik, ikutu bestetik, ordu erdian ibilli zan panea erosten etorri zan emakume ori. Azkenean pozik egoala ba, tratu egiteko asmoetan asi ziran.

       —Ara, salneurria zenbat dan jakin baiño leenago, zenbat bear dozun jakin gura neuke, asko eroan ezkero merketxoago be egiten dalako.

       —Askorik ez dot bear ba…

       —Zenbat bear dozu ba?

       —Ara ba, atzazala lakoxe ataltxo bategaz naiko daukot, etxean legortuta daukodan txori bateri gangartxoa ipinteko gura dot eta.

       An izan ziran barreak munduaren azkenetik be entzungo ebazan!

1932-II-16

 

 

Antzokira

 

       Neskatilla polita zan eta bere atzean baten baiño geiagotan joan nintzan. Aren begi ederrak biotzeragiño sartu jatazan. Itz egin gura izaten neutson, baiña itz egin barik beragandik aldenduten nintzan.

       Olako baten neure lagun batek nor nintzan azaldu eutson. «Poztuten naz zeu ezagutzeaz». «Neure bizitzako egunik ederrena auxe izan dala uste dot nik…».

       Andik egun batzuk, aurkitu gintzan egurastokian. Agur bana zinkatu ta aurrera egin genduan. Neure burutik ezin kendu barriz neskatilla aren begiak. Eta zelako biotza ete eukon gero? Aren begiak biotza be ona eukola erakusten eben. Apurka-apurka asi gintzan ba itz egiten be. Egun baten rasta esan eustan:

       —Antzokira zergaitik ez naroazu? Zeu zaran gizona izan eta antzokira egun baten ez nozu eroango?

       —Zeuk gura dozunean…

       —Biar?

       —Biar ba. Arratsaldeko iruretan itxarongo zaitut txaide ertzean.

       Egun aretan itaundu neutson izparringiko buruari antzokirako sarrerarik eukonentz. Baietz ba. Ekarri egistazuz bi… Bi ez daukodaz, bat baiño. Tori. Artu neban eskuetan, baiña beste bat bear nebar ba. Neskatillagaz joateko beste bat bear…

       Adiskide bateri eskatu neutson antzokirako sarrera. Emon eustan berea. Pozik nengoan eta urrengo egunez joan nintzan antzokira. Neskatillea an egoan. Neure ikara antzoki barruan sarrera bat aulkirako ta bestea «oillotegirako» zirala igarri nebanean. Lotsaz neskatilla joan zan aulki ederrera ta neu oillotegira. Andik ez neban entzun ezertxo be.

       Bitarteko baten gozoak saltzen dira antzoki aurrean eta joan gintzan ara. Zaldun baten antzera portau gura neban ba ta…

       Laurleko bat bakarrik neukon sakelean. Besterik ezer be ez. Tira ba, neskatilleak ezer eskatu baiño leen, neuk eskatuko dodaz gozo batzuk, niñoan kolkorako. Olantxe laur leko baten gozakiak erosi ta kito. Zaldun eran geratuko naz. Eldu gintzan gozoak egozan tokira. Lau gozo edo pastel… eskatu nebazan.

       —Ez, nik ez dot gura gozorik —erantzun eban neskatillak.

       —Zer gura dozu ba?

       —Radio txol edo kopatxo bat eta Royal gozoak gura dodaz.

       Izerdi beroa urteten asi jatan. Ene bada ta zer balioko ete eben gauza areik! Sakelera sartu nebazan lau bidar be neure eskuak, baiña an ez zan besterik aurkituten laurleko bakarra.

       —Edari orrek gatx egingo deutsu.

       —Ez, neuri gatxik ez deust ezerk be egiten —barreka erantzun eustan.

       Atara ebazan geure serbitzariak edari ta gozoak. «Zenbat dira» itaundu neutsan eta bereala entzun neban: «Amar laurleko».

       Zeruak eta lurrak zelako itzulketak egin eustezan! Oraindik azkeneko ondartxoa edaten egoan neskatilla ta bertan bera itxi neban. Txaide zear txerrenak daroan gizona baino ariñago galdu nintzan. Ez nabe beingoan aurkituko!

       Neskatillaren begiak eta itzak ordutik ona ez jatazan atsegingarri. Olako ordurik ez dot neure bizian igaro!

1932-IV-3

 

 

On egin

 

       Adiskide on bati mesede egitea baizen gauza atseginkorrik ez daukozu. Neure eskuan bada, pozik mesede ori egiten deutsot. Izan be sari ona dogu geure adiskidetasunari opalpen bat egitea.

       Baiña sarri ori egoki-egoki dadintzat, ondo betestu bear doguz zelako mesedeak egiten doguzan. Sarri ba mesedeak geure aurka edo ala biurtzen dira. Ezetz? Irakurri egizu emen idatziko dodana. Egia osoa dozu.

       Ezkongaietan nenbillan neska lirain batekin. Eta beste ezkongai ziran gazte bi etorten ziran geurekin. Neure adiskide ona zan bai? eta ondo alkar artzen genduan.

       Jonek egun baten esan eustan:

       —Neure emaztegaiaren argazki edo fotografi bat euki gura neuke etxean.

       —Ori ez dozu gauza zailla ba.

       —Bai, neuretzat gauza gatxa da benetan, etxekoak ez dabelako neskatilla orren argazkirik ikusi gura izango.

       —Eroan ez ta kitu.

       —Baiña, ara zelan polito egin geinken gura dodan au…

       —Esan egistazu ta orduan jakingo dogu.

       —Zeure emaztegaia nor dan ez dakie neure etxekoak.

       —Ez, nor dan ez dakie. Ni ezkondua banaz be ez dakielako.

       —Ederto ba. Neure emaztegaiagaz argazki bat atarako dogu ta zeure izenpeagaz edo dedikatoria bategaz neure etxera eroango dot.

       Etxekoai esango deutset zeure emaztea dala. Olantxe begi aurrean eukiko dot emaztegaiaren argazkia.

       —Ori baiño ez bada, deitu egiozu argazkiak ataraten dauzan bati eta ementxe amaituko dogu argazkia.

       Esan baiño leen, ara eldu jakun argazkiak ataraten ebillan bat eta neure adiskidearen emaztegaiakin atara eustan argazki on bat. Gero imiñi neutson izenpe on bat onelan. «Arkaritar Jon, neure adiskide onari opalduten deutsoe senar-emazteak, euren argazkian». Berebiziko iruzurra zan auxe!

       Etxekoak arin itaundu eutsoen nor zan neskatilla.

       —Ara ba ama, auxe da neure adiskide baten emaztea.

       —Neskatilla polita da.

       Jonek egun alaitsuak igaro ebazan bere etxean eukolako ba emaztegaiaren argazkia. Etxekoak ez eben uste izan tranparik egoala. Baiña munduko gauzak ez dira lurrerako. Txerrenak edo Jaungoikoak, ez dakit nork, neure emaztegaiaren aitea eroan eben bein Jonen etxera. Nere adiskidearen aitea ta neure emaztegaiaren aita ezagututen ziran. Alkarrekin itxaso zear ibilli ziran ta.

       Laster ezkonduteko nengoan. Baimena be eskatutu geunkon. Ikaratu zan neure aitagiñarreba izatekoa zana.

       —Norena dozue argazki au? —itaundu eutsoen.

       —Ori ba X… jaunarena da. Bere emazteagaz dago.

       —X… jaunaren emaztea au dala ziur dakizue?

       —Bai orixe! Or atzean dauko bere izenpea ba.

       Neure aitagiñarreba izango zanak ikusi ta irakurri eban bein ta birritan argazkiaren atzean egoan izenpea.

       —Ondo dago, ondo dago. Ezkonduta barik ezkongaia zala ta neukon mutil au.

       Jonen etxetik urten zanean zuzendu zan bere etxera ba. Eta zoritxarrez bere etxean an nengoan. Amagiñarreba be neurekin egoan. Pozik izketan gengozanean sartu zan aitagiñarreba. Umore txarra ekarren, baiña ez neutson igarri zergaitik.

       Izketan jarraitu genduan eta gaba zalako agur egin neutsen. Atera lagundu eustan. Pozik ni. Aitagiñarrebak lagunduten eustala ateraiño ta barrua alaitu jatan.

       Baiña atean beste berbarik izan barik auxe entzun neban:

       —Geiagotan sartzen bazara neure etxean, burua kenduko deutsut. Baten ezkondutea ez ete jatzu naiko izan ala? Azalpenik asko emon neutson, baiña alperrik. Alabea uritik urrun eroan eben ta betiko galdu neban. Zoritxarreko gizon ez banaz!

1932-IV-13

 

 

Erdu geurera

 

       Erriko jaiak ziran, Martoloma deunaren egunak. Erriko zaindari deunaren eguna oturuntz eder bategaz baiño ez dabe ospatuten geure errietan. Bai ba, urdaillari emon bear berea.

       Baiña jaupa edo meza nagusira be joaten dira guztiak. Izlari dotoreak beti era batera goralduten dabe deuna. Croiset abearen «Vida de santos» edo irakurten dabe guztiak eta risti-rasta izpar edo barri bardiñak beti. Bolandotarren idaztiak irakurteko eroapen andia euki bear da ta.

       Erriko atsoak izlariak baiño obeto dakie zer esango dauan sermolari barriak. Orain auxe, gero bestea. Euren aulkitxoetan jezarrita dagoz ixil-ixil eta barre egiten dabe, izlariari ezer aaztuten bajako.

       —Ara, ez dau esan zelan deuna eroan eben gaizkiñen aurrera ta zer erantzun eban.

       —Bai, eta Asia aldean egin ebazan alatzak be aaztu jakoz.

       Olan diñardue atsotxoak. Jaupa dotorea izaten da, Udala etorten da ba txistu ta tanboliñagaz. Bolanderak jaurtiten dabez eta umetxo guztiak jantzi barri usaiña dakarre. Iru jauparik mezea egiten dabe. Bazkari ederra jango dabe gero erretore jaunaren etxean. An dabiltz txauburu jaunaren otseiñak edo lokak bazkaria atonduten.

       Mezea amaituten da. Udala berriro doa bere tokira, ardao zuria ta gailleta batzuk artzeko, be. Jaupariak be sakristian artzen dabe leenengo tangadea. Emakumeak arin doaz etxera, batez be zaarrak. Gazteak erriko zelaian dagoz, euren buru ganeko oialak kendu eta tolestuten. Umeak barriz, txakur-txiki guztiak eralgiten dabez barkilleru ta gozodunak etorri diralako.

       Gizonak barriketan dagoz. Au, ori ta bestea esaten. Kanpokoai be euren etxera etorteko erregututen deutsoe. Kasimiro Errotabarrikoak be orixe egin eban Josantonegaz.

       —Bai gizona, geurean jango dozu bazkaria. Zertan joango zara erriko ardandegira ba?

       —Ez. Urrengoan joango naz. Gaur ortxe jango dot ederto.

       —Ezetz, ba. Asarratuko naz ez bazatoz geurera.

       —Tira ba, ainbeste erregu egiten deustazun ezkero, zuen etxera joango naz.

       Au entzun ebanean Kasimiro larritu zan. Bai ba, alako erreguak beti dira guzurrezkoak: «Erdu geurera, antxe bazkalduko gara ta». Baiña barrutik diño: «Ez adi etorri».

       Umore txarrean para zan geure gizona ba, bere adiskideak baietz erantzun eutsonean. Trapala-trapala etxeruntz joiazan. Estratza luzea zan. Onetan Kasimirak esan eutson Josantoni:

       —Geure etxerako estratzea txarra da, an laster iztar bat apurtuko zeunke.

       —Ez dago ardurarik, orregaitik igongo naz.

       Kasimirori ez eutson ondo urten itzak. Zelan esango eutson eurenera ez etorteko? Buruan erabillazan gogai asko, baiña bat be ez eban ontzat artzen.

       Azkenean auxe esan eutson:

       —Geurean dagoan txakurrak iztar bat jango leuskio ezagututen ez dauanari.

       —Zeugaz badoa be bai?

       —Bai gizona! Batez be, jaietan bazkaritan iñor badator, laster igarten dau a ez dagoala bere tokian.

       —Txakur zuurra daukozue.

       —Zuurra da, baiña ez da gauza gaitza ori ulertzea. Ez dakizu, ba, txakurraki konbidau batek bere janaria kentzen deutsola?

       —Zer? Txakurraren janaria jango dodala uste dozu? Ez ori! Probetxo ona egin daitsula zeure bazkari ederrak! Agur! Ba noa erriko ardantegira. Antxe jango dot patxada ederrean eta.

       Kasimiro larritu zala uste dozue au entzutean? Bai zera. Aren poza ikaragarria izan zan. Etxean be edestu eban jazo jakona. Barre galantak egin ebezan guztiak egin be. Konbidauten bazaitue, ez leenengoan joan bada ezbadan be.

1932-IV-24

 

 

Malmutza

 

       Morroi malmutza (taimado) zan Jonek eukon morroia. Artzaiñak ziran ezkero, mendian egoten ziran beti. Ikaragarrizko lapurketak egin ebazala morroi arek urikoak esaten eutsoen ugazaba jaunari, baiña onek ez eutson ezer siñestuten.

       —I, Martolo, egia dok lapurra azena? Zelakoak entzun joadazak igaitik, ikaratu be ikaratuta naiagok. Barrabasa az, egiak badozak entzunekoak.

       —Barritsu asko dago ludian, jauna, barritsu asko. Neu ez naz orreek uste daben aiñako lapurra, ona nazan arren.

       —Jakin gura neukek ba, zelako azar. Otsaren ziñaldari, errekan ura.

       Bildots aroa zan ta Manu zaarra igon zan mendi goira, Joni erosi bear eutsola ta. Tripili-trapala igon zan. Izerdi galantak urten eutson bekokitik be. Bideko muna ganetan atseden egiten geratu zan sarri be sarri. Urteak lepoan daroazanak, ezin ibilli igotika.

       —Kaixo, Manu antziñakoa, zelan gabiltz edo?

       —Txarto ez ta ondo be ez.

       —Orduan ederto! Erarik onena, ondo zabiltzala esateko, orixe dozu. Ludion, ba, garaurik ez dago oso ondo bizi danik.

       —Beste batzuk txartoago bizi diralakoan pozik nabil.

       —Iñoren zoritxarrak geurea arinduten deusku, izan be.

       —Bai, Urkoaren ogi gogorra ikustean, geurea uretan ipinten dogu, beratu daiten.

       —Zoritxarreko bakar bat baiño ez balitz bizitokion, aren samiña lakorik ez. Baiña askoren miñak, guztion penak.

       —Tira ba. Zeu be ondo zabiltzala ikusten dot eta.

       —Bai ba, neure ardiakaz, neure mendiakaz bakean bizi naz. Iñori ezer zor ez, iñori txarrik ez deutsut egiten, goikoagaz be bide lagun. Zer gura dogu geiagorik ba.

       —Goikoagaz bakean ibilli ezkero, ondo gagoz; beste gauzak ez dira ezer.

       Agure biak barriketaldi luzea egin eben eta Manu zaarrak bildotsa erosi ostean, agur egin eutson adiskide onari. Artu lepoan bildotsa ta bide zear joan zan, estratzatik.

       Martolo zozo maltzurra atean jezarrita egoan. Jon be txabola aurrean, bidez joian Manuri begira.

       —Ezetz ostu bildotsa agure orri? Ain azkarra baaz, egingo dok ori be.

       —Ori bildotsa ostutea ez da gauza gatxa. Laster dozu ementxe arkume ori.

       —Ikusiko joaguk ba.

       Aurrea artu eutson Manu zaarrari geure morroi biurrak eta ertz baten, zapata edo oskia kendu ta itxi ebazan. Baiña ez biak alkarren ondoan. Bat itxi ta berrogei neurkin urrun txoago bestea. Manu zaarrak ikusi eban oskia, baiña ez eutson kasurik be egin. Joan eta joan bestea be ikusi eban. «Kontxo, zapata oneik onak dozak» kolkorako esan eta itxi eban bildotsa bidean. Bai ba, beste oski billa zuzendu zan! Bitartean ostenduta egoan Martolo gaiztoak artu bildotsa ta otartetik iges egin eban. Manu zaarra eldu zanean bere oskiagaz, ikaratu zan.

       Bildotsik ez egoan an! Erdi negarrez joan zan Jonen txabolara. Jazo jakon guztia azaldu eutson.

       —Beste bildots bat ekarri egistazu, bat be barik ezin joan ninteke ta.

       —Merketxoago egingo deutsut au. Artu egizu amar laurlekoan ta zoaz. Eta gero au be ostuten badeutsue?

       —Ez, au ez deuste ostuko.

       Manu zarra aldendu zaneko, Martolok esan eutson ugazabari:

       —Baietz ostu bildots ori be.

       —Ezetz !

       Tximista baiño ariñago joan zan morroi zitala. Estaldu zan bide ertzean eta asi zan beeka beeka, arkuma bat balitzan. Manu zaarrak bee areik entzutean itxi lepoan eroana ta bidetik at egin eban. Leengo arkume billa ta! Bitartean Martolok beste arkumea ostu eutson.

       Ordu erdi egin eban agure zaarrak bere arkumea billatu eziñik. Azkenean bidera urten zan. Eta zelako negarrak egin ebazan berak, bildotsik aurkitu ez ebanean. Bigarrena be ostu eutsoen ta.

       Joan zan Jonengana ta malkoz agertu eutson jazo jakona. Martoloren barriak ez ziran makalak be! Azaldu eutsoen zer izan zan eta Manu zaarrak negarrez barre egin eban.

       —Ez az makala be; i lako asko badok ludion, galduak gozak.

       —Baiña neu lapur ondrau bat naz eta ez nabil bide zear iñori gauzak kentzen. Ardiak jagoten pozik bizi naz, neure ofizio ori alde batera itxita. Batzuei Goikoak gosea emoten deutse, beste batzuoi lapurretan egiteko antzea edo artezia.

1932-V-5

 

 

Idazkia

 

       Gaztelerriko morrosko bi gudari eldu ziran geuré artera. Bilbao uri ospetsu onetan egozan. Ez ziran txarrak, baiña onak be ez. Txarrak zirala esateko modu polita, ezta?

       Euretariko batek irakurten ez ekian, besteak bai. Gauza arrigarria benetan gaztelar batek irakurten jakitea, geienak ba izkiakaz asarre dagoz. Gizon azkarrak ei dira Kastilla deritxon inguruetakoak, baiña irakurten ez dakie. Au gorabera, euzkotar astoak azten etorriko dira.

       Gudari mutillok alkarren lagun onak ziran. Txindi askorik ez eben eukiten, baiña batek ezer eukon orduan, besteari emoten eutson. Biotz gaiztodunak ez ziran.

       Nilo eritxon bati, besteari Jacinto. Nilo orrek ezkongai bat eukolako otsa be ba zan.

       Olako egun baten idazkia jaso eban. Norena zan jakin gura eban eta ez eban zabalduten. Orixe dogu benetan gauza jakingarria. Idazkia zabaldu ordukoxe zabaldu geinkena igarri gurarik gagoz.

       Nilo gaixoak zabaldu eban, luzaro egon ostean. Bere ondoan egoan Jacinto be. Onek ez ekian irakurten. Izenpea ikusi ebanean, biotzak taupada andia egin eutson Nilori.

       —Zer jazo jatzu ba?

       —Ezer be ez. Emaztegaiaren idazkia da ta.

       —Ene ba! zer diñoan jakin gura neuke.

       —Ia ba, oraintxe irakurriko deutsut baiña gauzatxo batzuk zeuk jakiterik ez neuke gura.

       —Ori gauza erreza dozu.

       Asi ziran idazkia irakurten. Onetan sartu ziran buruzagi batzuk eta ara ikusi ebezan gudari biak idazkia irakurten. Baiña zelan irakurri gero.

       —Zergatik belarriak estalduten deutsozuz lagun ori?

       —Ara ba jauna, onek ez daki irakurten eta idazki au irakurri nai deutsot.

       —Eta norena da idazkia?

       —Neure emaztegaiarena da. Baiña adiskide oni irakurri nai deutsot.

       —Eta orregaitik belarriak estalduten deutsozuz eskuakaz?

       —Bai ba, neuk gura dodanik jakin ez dagian.

       Buruzagiak egin ebezan barreak! Orrek jakiterik nai ez dozuna, ez egizu irakurri ta kito!

       —Egia da izan be! Zergatik belarriak estalduko deutsodaz ba!

       Geure gaztelar azkarra orduan konturatu zan zelan idazki bat irakurri datekean, besteak jakin barik gorde gura dozuna!

1932-V-6

 

 

Umeentzat ipuiñak

 

       Uritxo baten, euzko mendietan galdu dan uritxoan osagillea zaar egin zan. Urteak agur egin eutsen eta obirantza makurtuten así zan. Betikoak ez gara ta.

       Baiña uritxo aretako notiñak edo jenteak onak ziralako, bere antzeko osagille (médico) bat ekarri eutsen. Gaztea zan bai? eta onuak emoten eutsuzan.

       —Jakintsua izango zara, baiña jakintsuak barik gizon zuurrak bear dira olako errietan. Larogei urte neuk legez eukiko dozuzanean, jakintza alde batera utzi ta errikoen esanai jaramon egingo deutsezu.

       —Gura dozuna egingo dot. Osakintza ondo ikasi neban, baiña besterik ez dakit.

       —Ara, ba. Gaixo bat ikustean, adoretu bear dozu. Kikildu ez dedin, pozik itz egingo deutsozu, laster osatuko dala ara.

       —Ori ez da gauza gatxa.

       —Eta gaixoaren gelan zer dagoan begiratu. Sagar azalak ikusten dozuzanean, igaliak onak dirala esango dozu, baiña beti igaliak gaitz edo kalte egingo deutsela.

       —Gelan zer dagoan adituko dot, ezta? Gero aretzaz itzegin.

       —Bai gizona. Gaixoak zer jaten dauan, zer edan eta abar olatxe igarriko dozu.

       —Ondo betetuko dot zeuk diñaustazuna.

       Urten zan geure osagille gaztea gaixo bati ikertaldia egiteko. Eta bat barik lan egin ostean etxeratu zan. Izerdiz ekarran aurpegia.

       —Eta zelan ibilli zara?

       —Ez ondo. Zeure esanak egin dodaz, baiña alperrik; ikaragarrizko okerrak egin dodaz.

       —Zer jazo jatzu, ba?

       —Gauza andirik ez.

       —Esan egistazu…

       —Ara. Urkiaren etxean sartu nintzanean tokiko alde guztietara begiratu neban. «Zeuk leoia jan dozu» esan neutson. «Leoia jan dodala? Zoratu jatzu?».

       —Zergaitik esan zeutson, ba, leoia jan ebala?

       —Oe azpian leoi narrua eukolako.

       —Ez dago txarto. Eta besteakaz olakorik jazo jatzu?

       —Bigarren gaixoagana eldu nazanean esan deutsot: «Elefantea jan dozu». «Elefantea jan dodala? Ez da egia, neure bizitzan ez dot ikusi orrelako piztirik eta.

       —Ori esango zeutson.

       —Bai, oe ondoan elefante agiñak egozan eta.

       —Bide orretatik jarraitzen badozu, laster zara gizon ospetsua.

       —Irugarrenari esan deutsot: «Emaztea jan dozu?». Zigor bat artu dan eskuan ori entzutean. Zuur ez banabil, joten nau.

       —Baiña zegaitik ori esango zeutson ba?

       —Oe ondoan ule batzuk egozalako. Emaztearen uleak izango ziran.

       Barre egin eban geure osagille zaarrak eta erantzun eutson gazteari.

       —Mutil, jakintza andia eukiko dok, baiña ez dok balio uritxo onetarako. Jakintzagaz uri andietan nagusi izango zara baiña emen beste gauza batzuk jakin bear dira. Zoaz bakean uri andira, antxe dago zeure tokia ta. Olantxe agur egin eutson osagille gazteari. Oindiño ez ei da eldu urira zaarraren antzeko osagillerik. Itxaroten ei dagoz.

1932-VI-14

 

 

Muslariak

 

       Geure erritxoetan musean ondo jokatuten dabenak eurrez dira. Txapelketak sarri izaten dira. Igande arratsaldeetan ardandegian sartuten jatzuz agureak eta txikitotxo bana artuten daben artean eta pipeari tiratu, or dabiltz mus ta mus.

       —Lau txikerrera! batek esaten dauanerako, besteak, lau geiago, erantzuten deutso. Aundia pasoan jaonda. Iru errege daukozanak, txikira jo dau, gero pareetara elduteko.

       —Parea bai.

       —Bai.

       —Bost enbido! Bostak gura!

       —Jokorik ez. Zer? Jokorik ez ta zeuk kendu eskua? Zelako muslaria zara zeu gero!

       —Jokoa bai. Albokoak bere ba dauko.

       —Orduan iru! Irurak gura!

       Olantxe igaroten dabe aldia geure agureak eta agure ez diranak. Amaikatxo tranpa ta ziri alkarri sartuten deutsez. Eta bapo arratsaldea igaro be. Baiña agure orreik gauza bat daukoe begietan. Eurak baiño obarik ez dagoala ludian. Agure bati ez egiozu esan txarto jokatuten dauala. Asarre jarriko jatzu.

       Euren panparroikeriak zabalduten dabiltz beti. Olakoxe bat egoan geure itxasertzeko uritxo baten be. Gizon ona zan onik badago, baiña muslari puntarengoa zala ta, bere purrustadeak anditxoak ziran.

       —Ondiño batzokian akeita zenbat ordainduten dan ez dakit, esaten eban arrotxo. Eta egunero akeita artuten eban. Itz orreikaz azalduten eban berak musean irabazten ebala.

       Bere lagun zanak be askotxori musean egin gura izaten eutsen. Biak ei ziran txapeldun. Eta erri guztikoak bildurturik eukezan. Olako baten musean sekulan egin ez dauan gazte batek, berak egingo deutsela esan eutsen.

       —Kendu adi ortik, txotxo, i ez az guretzako ta! —erantzun eutsen eurak.

       Baiña artu lagun bat eta asi ziran musean.

       Geure muslariak egun aretan akeita, txola ta txokorra artu ebezan, besteak ordainduteko zirala ta. Gazteak be akeita ta txola, onen lagunak ostera irurak.

       Batzokikoak ez eban irabazte makala euki. Asi jatzuzan jokoan laurok. Zaarrak beti tranpakaz ta kíñuakaz. Eskuari beti kenduten eutsoen bada ezpadan. Asikerean eurak ziran buru. Arein pozak eta barreak! «Zoaze» esaten eutsoen gazteai, «zoaze ta ordaindu bakean, ezpabe emen galduko dozuez zeuen ogasunak».

       Besteak ekin eta ekin. «Ez ba, zuei irabazteko aiña ba gozak eta!» Joko bi ta baperez ziran.

       Nork sosegau agureak? Alkarri begiratu ta barre egiten eben. Txola be iñoz baiño gozoago ei egoan. Alako akeitik ez ebela artu bizitzean esaten eben.

       Irugarren jokaldian asi ziraneko, gazteok bizkortu zíran eta rapa-rapa irabazi eutsen. Bigarrena be bardin. Zaarren zaratak! «Euk daukozak erruak. Joko barik kenduko dok ba! Iru errege daukozala ta, neuri esan barik pareetara gura izango eutsen ba!».

       Alkarri errua jaurtiten eutsen.

       Gazteak barre. Zer egingo eben ba? Barre ta ondo jokatu.

       Iru jokoak erraz irabazi eutsezan zaarroi. An izan ziran barreak ta pozak kaian be entzun ziran! Ixillik ordaindu eben, lenengoz seguru be, akeita, txola ta txokorra. Propina andirik ez eutsoen emon batzokiko neskameari. Tripak jaten ei dabez orain.

       Ikasi dabe eurak baiño obeak be ba dirala ludion!

1932-X-23

 

 

Eztabaidea

 

       Idi buzterria askatu eban eta golde ondoan itzi ebazan idi ta buzterria. Narru ganean ostera, prontera biak euren borla gorriakaz. Soi galanta atera eban eta atsegiñez beterik geratu zan geure Peru. Oillo batzuk ar baten ebiltzan. Garia erein bear danean ixo-ixoka ibilli bearra dago, baiña oraingoan ez eben kalterik egiten.

       Idi biok munaz muna ibilli ziran bitartean, gure Peruk, akulu kontra bere gorputza ebala, zuur begiratuten eutsen. Alboko sekulabedarra jan ez egien be. Naiko drogarik eukan Txomin Errotazurikoagaz!

       Alako arratsalde epelak! Mendi areitako geriza jausten zan ibar ganetara. Etorriko ete zan abogadua? Orretan geratu ziran goizean ba. Aztrapalada utsa erabilli eben alkar artean. Eta guztiak solo ertz bategaitik!

       —Papelak neurea dala diñoe.

       —Zereko papelak! Iñuzentetzat naukozu ala? Neure aititari entzuna daukotsat solo au Errotazurikoena dala. Erremata baten erosia. Entzun dozu?

       —Zer entzun eta entzun ez! Lur bazter onegaitik ez deust ardurarik, baiña ez zara zeureaz urtengo. Ez, barrabas bazara be!

       —Zeu lako astokillo batek ez deust ba burlarik egingo! Kalabaza bi ereiteko aiña ez da lur au, baiña milla erreal gastauteko be prest nago.

       —Nik bi milla gastauko dodaz.

       —Bi milla ez daukozuz pintauta be!

       —Ez, zeuenean dagoz! Ugerra baiño ez daukozue ta!

       Olakoxe asarrakuntza gorria izan eben gure gizonok. Solo artean egoan gizalan lauren bategaitik burrukan ebiltzan. Norena zan? Ez dakigu! Baiña urrengo egunean gure Peru ta Txomin erriko estaziñoan egon ziran. Brusa be barriena ekarren. Alkarri berbarik be ez eutsoen egin. Ondo ekien norantza joiazan! Zorioneko abogaduren baten billa! Demandea sortu bear zala ta…

       Bilbora eldu ziranean, bata Askaotik eta bestea Arenal aldetik aldendu ziran. Non egon ziran ez dakigu. Somerako zein tabernatan bazkaldu ziran bere ez. Jakizu! Markosenean edo. Dana dala, arratsaldeko irurak inguruan estaziñoan egozan puru eder banari tira ta tira.

       Alkarri egin eutsoen begirakuneak zeozer esan gura eban: Ikusiko dok txarri orrek! edo olakoren bat zan.

 

 

II

 

       Ori jazo zanetik ainbat egun igasi ziran. Peruk gomutan eukan, orregaitik illun begiratzen eutsen idiai. Alboko solora sortu zan «Gorri» eta ikaragarrizko sokilla jaurti eutson. Tripe-tripean jo be egin eban jo! «Zentailla ori, joaten banok orra!» egin eta atera eban idia auzoko solotik.

       Onetan dagoala, Txomin eta kapeladun bat agertu ziran. «Nora demoniño doaz eurok gero? Ori Txomin ori intentziño txarreko gizona da, izan be!» Esku zabala imiñi bekoki ganean eta urrunera begira jarri zan. «Zer? Orixe ez da don Bernardo abogadua? Bai zentailletan! Neure abogaduagaz jatork txakur peste ori!».

       Olako pentsamentuetan egoan bitartean, gure Txomin eldu zan eta asi jakon solo bazterreko kontuak kontetan beragaz etorran abogaduari.

       —Ara jauna, auxe bazter au da. Papelak neurea dala diñoe. Orrek bestaldeko orrek, barriz, berea dala diraust. Deituko deutsat ala?

       —Bai, dei egiozu. Ia zer diñoan…

       Gure Peru etorri zan idiak bertanbera itxita. Txapela kenduta:

       —Arratsaldeon daukola berorrek jauna, esan eutson abogaduari.

       —Baita zeuk be. Emen nator gero, bakeak egiten doguzan edo.

       —Bakerik ez dago solo bazter au neuretzat emoten ez bajat, erantzun eutson Txomiñek.

       —Ez orixe! Au ez da zuretzat izango, tatarrez eroaten ez banozu kanposantura! jardetsi eutson Peruk. Ganera nora zatorz zeu don Bernardokin, neure abogadua bada! Traiziñoa baiño ez da ori!

       —Neuk ez neban elejidu ala! Bilbaora zetan joan nintzan ba?

       —Eta neu?

       Areen eztabaidari adi-adi, barre-barreka egoan don Bernardo ori. Gizon on-ona zan eta drogarik ez eban gura. Bakeak egiteko prest etorran bai? eta bakeak egin bear ziran. Abogadu zelebrea zan izan be, batez be baserritarren artean, gauza andirik kendu be ez eutsen kenduten eta.

       —Tira, erreitarik ez dot gura. Laster erabakiko dogu norena dan bazter au. Ni lako abogadu bat ez doa Bilbaora gauzak arteztu barik.

       Txomin eta Peruk artega begiratu eutsoen. Onek abogaduok barrabasak daukez gero! Zelanyemoniño arreglauko eban ba!

       —Txomin, esan eutson abogadu jaunak —salduko zeuskit solo bazter au?

       —Neurea dan ezkero, ekarri egistazuz eun peseta ta artu zeuretzat. Olantxe droga guztiak uxatuko dodaz eta.

       Baiña Peruren zaratak ez ziran makalak izan!

       —Ez dozu salduko, neurea da ta! Samea kendu bear izango deustazu, ori egin baiño leenago!

       —Ez zaite artegatu gizona, jardetsi eutsan abogaduak —zenbatean salduko zeuskit zeuk ba? Beste eun pezetagaitik bai?

       —Bai. Ekarri egistazuz eun peseta ta zeuretzat soloa.

       Don Bernardo abogaduak biai begiratu eutsen. Aren barre ixillak ernegatu ebazan geure baserritarrok!

       —Bueno gizonak, eutsiez euna peseta bai? eta neuretzat soloa. Olan ez daukozue demandan joan bearrik ba. Bere karterea zabaldu eta eun pezetako papel zuri eder bana emon eutsen. Gure gizonok bitsetan egozan. Areen poza! Baiña ondorengorik ez eben pentsau. Don Bernardo orrek barreka esan eutsen.

       —Orain gizonak, neure kontutxoa egin bear dogu. Kotxean etorri naz onaiño, egun erdia galdu dot. Baiña zuek adiskideak zaree bai? eta gitxitxo kobrauko deutsuet. Euna peseta asko deritxazue? Ez, ezta? Tira ba, euneko papel banagaz nigazkoa eginda daukozue.

       Peru eta Txomiñek atera ebezan atzera don Bernardok emoniko papelak eta belarri atzeai azka-azka, pagau eutsoen. Solo barik eta diru barik geratu ziran! Ederrak emon eutsezan Don Bernardo jaunak!

       Baiña gizon txarra be ez zan eta esan eutsen:

       —Tira mutillak, solo au neurea da ezta? Orduan neuk gura dodana egin neike.

       —Bai ba, gure kokolo-mokoloak erantzun eutsoen.

       —Solo bazter au neurtu edo medidu daigun soka bategaz.

       Ikaratuta egozan gure baserritarrok! Ze barrabaskeri egingo ete eban arek! Idi buzterriari kendu ede bat eta arexegaz medidu eben solo ori.

       —Erdia ez da auxe?

       —Bai jauna.

       —Txomin, zeuretzat. Alboko solo orregaz bat egin ta ederto solo osoa eukiko dozu.

       —Eskerrik asko, don Bernardo, erantzun eutson Txomiñek.

       —Eta Peru, beste erdi au zeuretzat. Pozik zagoz?

       Txomin eta Peruk barre-barreka begiratu eutsoen don Bernardori. Arek eukon talentua! Euren drogea iñork baiño obeto konpondu eban! Antxe bertan adiskidetu ziran gure gizonok eta don Bernardokin bazkari eder bat egitera joan ziran, idiak bertanbera itxita joan bere gero! Txomiñen soloko sekulabedar guztia jan eta laskitu eban Peruren idiak, baiña orregaitik ez ziran asarratu geiago!

       Oindikarren don Bernardoren talentua goralduten diñardue! Izan be ez zan gitxiagorako!

1934-IV-8

 

 

Ipuin barregarriak

 

       Ezkontza bearrezkoa

       Etxe onetako alabea zan, baiña arrokeritxo lar eukan. Alako neskatilla bati ez jagokon ondo «onenbeste daukot» esaten ibiltea. Mariparen berbak! Diruduna bazan, diruduna agertu jakon. Errota Baltzeko Erramonek be dirutxoak eukozan.

       Asi ziran gure gazteok. Leenengoetan lotsaz, gero trankiltxoago. Baiña ezkonduteko asmorik ez eukeela irudian. Eskerrak Mariparen amari. Au zan erremintea!

       —Alabatxo, ba dakin zer pentsau joadan? Maiatzerako ezkondu bear aunat.

       —Ez dozu alakorik egingo. Oindikarren gaztea naz ba ta.

       —Ez ana! Ogeta iru urte daukazan. Ganera etxeko beiak eta jagotoko nonor bear joguna.

       Egunean egunean olantxe ebiltzan. Ama ba ez zan makala. Ondo ekian alabea gaztetan saldu bear dala, osterantzean santuak jantziteko geratuko dala.

       Baiña ama-alabek ezeze, Errota Baltzekoak be beste orren beste erabillen. Dirudunen entzutea euken, baiña txartotxo ebiltzan bai? eta Maripagaz ezkondu ezkeroan, arka zaarrak betetuko ebezalakoan egozan.

       —Seme —amak iñotsan—, zaar bere ba naz eta ezkondu zaite. Olan etxeko lanetan nor lagundu eukiko dot eta.

       —Baiña ama, zelan ezkonduko naz ba. Maripanekoak diru askotxo dauke, geuk ostera, orrenbesterik ez daukagu.

       —Zu ezkondu zaite bai? eta diru kontuak itxi egizuz alde batera.

       Amen asanai jaramon egiñaz, geure gazteok igande arratsalde baten alkartu ziran. Erromeria amaitu zanean, etxerantza abiau ziran. Iñoiz baiño ixillako etozan. Zer ete euken?

       —Illuntze ederra, Maripa, mutillak esan eutson.

       —Bai, ederra dago.

       Beste ordu erdian ixillik joan ziran. Izerditan etorzan biak. Albotik pasaten ziranak, ostera, barreka ta zantzoka ebiltzan.

       —Zu, Maripa, zenbat urte daukozuz?

       —Ori da preguntea. Ez dakizu ala?

       —Bai, ba dakit —erantzun eutson Erramon gaixoak. Koloreak be gorritu jakozan. Zergaitik itaundu ete eutsan alako lelokeria? Mariparen urteak ogetairu ez ziran ba? Aintziñatik ekian! Tripili-trapala, aurrea jaiazan. Ia etxe ondoraiño eldu ziran.

       Maripa gizajeak bere kolkorako iñoan «Gaur ez jat eskapauko ba».

       —Erramon —esan eutson—, solte dabillen idia amarretan ba dakizu?

       —Ez dot jakingo ba! Amaikatxo bidar lotu dodaz etxeko idi ta beiak.

       Neskatilla liraina larri egoan. Baserriko gazte bati ori preguntauko eutsan ba! «Solte dabillen idia amarretan ete ekian». Jesus milla bidar! Burutik egoan bera.

       Baiña zelan edo alan esan bear eutson ezkontza kontua. Olako baten Maripa orrek esan eutsan:

       —Zer esango zeunzkio neskato bati ezkondu aurrean?

       —Nik? Ba auxe: Geurera etorri gura zara?

       —Eta ezetz erantzungo baleutsu?

       —Beste bategana joan ta kito.

       Ene bada, laster zan ordua! Neska-mutillok larri egozan. Etxe aurreko soloetara eldu ziranean, Maripak esan eutson belarrira.

       —Neuri esango zeunskit?

       —Zer esan?

       —Zeuen etxera joateko!, gorri-gorri eginda erantzun eutson neska gaixoak.

       Mutillaren biotza tapaudaka asi izan. Zer erantzun? Azkenean albora begiratu ta esan eutson:

       —Maripa, etorriko zintzakez geure etxera?

       Bai! esan eta karraderan sartu zan etxean. Alako lotsarik!

       Sukaldean zan ama. Begi zorrotzakaz begiratu eutsan alabeari ta burruntziaz errautsa mobiduten eban artean itaundu eutsan:

       —Eta ezer esan deutsozu?

       Negarrari emon eutson neskeak! Baiña amak laster kontsolau eban. Eta olan geratu ziran gauzok. Neska-mutillak ezetan sartu bearrik ez eben euki, ama biak egin ebelako guztia.

       Deierak joan ziran eta kontratua egin bear zan. Larunbat edo zapatu goiz baten eldu ziran notarioaren etxera. Jezarri ziran gela nagusian. Arein larritasunak!

       Agertu zan notarioa. Betaurreko edo antioju andiak eukozan. Bigotea bere bai. Eskuan artu eban lumea ta asi zan:

       —Ia, zer emoten deutsozue zuek alaba orri? Mariparen amak erantzun eban: Amar milla erreal, ogei oillo pare, oe bi, suteko tresnak, izarak, oe azalak, erloju bat, komadea, erropa zuria.

       Baiña Erramonen amari gitxitxo eritxi jakon.

       —Ori baiño ez? —esan eutsan garratz.

       —Gitxi deritzazu, gitxi? Zeuk zer emoten deutsozu, ba?

       —Nik etxalde osoa, idi bi, bei bat, kortako gauzak, burdia eta milla erreal.

       An izan ziran aztrapalak! Batak besteak baiño geiago emoten eutsela, ez eutsela, ez ziran konpondu. Asarre bizian urten ziran notarioaren etxetik zorioneko ezkontza apurtuta.

       Gazteok negarrez banandu ziran. Olako baten, arratsaldeko seirak inguru ziran eta non datorren Mariparen amea. Errota Baltzen sartu zan.

       —Arratsalde on.

       —Baita zeuri be —erantzun eutsen barrukoak.

       —Emen nator ba. Goizean asarratu gara, baiña bakeak egin bearko doguz.

       —Ori zeuk ikusiko dozu.

       —Bai, ezkontza au galtzeak kalte andiak ekarriko deuskuz eta.

       —Zer ba?

       —Gastu andiak eginda gagoz. Biar bodea izango zalakoan ainbeste gauza erosi dodaz.

       —Zeuk esango dozu.

       —Ara ba, pistolak be sopea egiteko artuta neukozan.

       —Ene bada, olako gastuak eginda zagoze! Orduan pare bat milla erreal gora bera, ezkontza ori egin daigun.

       Esan eta egin, geure amok konpondu ziran eta gazteak ezkonduta geratu ziran. Pistola batzukaitik ezkondu be gero! Olakorik!

1934-VII-15

 

 

Zangurru eder

 

       Ibai aretan zangurru edo kangrejorik ederrenak aurkitzen ei ziran. Orixe esan euskun Martolo Baltzak. Aren arrokeria! Bere erria lango erririk ez zan, bertako kangrejoak baten ziran ba, Bilbaoko La Alcazaba jatetxean bere ta.

       Barre egiten genduan. Zer egingo zeuntson ba? Baiña Mikel geure adiskide onak ez eban alako gauzarik sufriduten. Ederrak emongo deutsedaz! Ikusiko dozue zelako barre algarak egin bear doguzan euren lepotik.

       Artu geure tarrantak eta joan gintzan Murua erritxora. Murua au zein erri dan igarriko dozue. Trokan dago, inguruetan bidalako atxak dauzala. Erreka txikerrak buelta osoa emoten deutso eleizeari.

       —Nora zoaze ba? —itaundu euskuen.

       —Nora goazen? Gura dogun tokira!

       —Eta ori, flauta edo txirula ori zetarako dozue? Zoro galantak zaree gero!

       —Flautea joten ei daki ez dakigu nongo astoak eta… Barre ta algara eldu gintzan erritxora, Arratsalde alaia. Piñu artean oidalako kerizpea zan, baina sagarrondo beteak atsegiñago jakuzan. Usoiño basetxera zuzendu gintzan, ango ugazaba zalako geure Martola Baltz.

       —Eup!, egin geuntson. Eta ira ebagiteko erabillan zerrea itxi bertanbera ta geuganatu zan.

       —Nora arraio zoaze? Beti broman zuek!

       —Ara ba. Biar kangrejo edo zangurru batzuk koiu gura geunkez. Lagunduko deuskuzu?

       —Zuek ezin zeinkee kangrejorik atrapau. Jan bai, jan!

       Geure lepotik barre egin gura eban baserritar zozo arrek. Ez geuntson ezer esan, urrengo egunean bereak artuko ebazalako. Esan eta egin.

       Igande goiz oberik ez zan ikusiko. Ira edo gano gorriskak zoragarri egozan eguzki argiaren mosupean. Mendi ertzak sugarretan egozan. Eta areen aldean baño zuria zetzan, maindira baten antzean. Idi-beien arran otsak entzuten ziran.

       Martolo Baltzek iru adiskideri dei egin eutsen eta guztiok asi giñan zangurru billa. Areen barre-zaratak! Bat atrapaten genduanerako ogei dozena atrapetan ebezala ikusten genduzalako. Mikel amorruz egoan, alako batzuk barre egiten ebelako.

       Lotsaz gengozan, batez be euren kiñuaz. Neugandik aldendu zan. Nora joan zan? Ez dakit, baiña ura sakontxo eta loi egoan toki baten zerbait jaurti ebala susmau neban. Zer egin ete eban?

       Andik laster eldu zan. Pozik etorran. Gure baserritarrak joranez ebiltzan eta ezer atrapetan ez gendualako burla egiten euskuen.

       Mikel jezarri zan eta txirula atera sakeletik eta txirula joten para jakun. Ederto joten eban! Aren firuli-firuli otsak!

       —Zertarako joten dok ori? —itaundu eutson Martolo Baltzek.

       —Dantzan egingo joguk ala? —beste batek jaurti eutsan.

       —Zangurrurik ezin atrapau daike bai? eta txoriak atrapau gura izango dauz.

       Beneno utsa ziran arein itzak. Baiña Mikel ez zan larritu.

       —Au zertarako dan ez dakizue? erantzun eutsen. Onegaz baietz atrapau erreka onetan dagoan zangurrurik nagusiena.

       —Au baiño aundiagoa? —galdetu eutsan Praiskuk, ikarragarrizko bat eskuan ebala— Olakorik gitxi dago gero!

       —Ori baiño andiagoa atrapauko dogu. Bai orixe! Goazen ara.

       Guztiok joan giñan. Ura loi egoan, sakona be anditxoa zan.

       —Ementxe dagoz zangurru edo kangrejo arrak. Zuek atrapetan dozuezan orreik emeak dira. Noiz atrapau dozue zangurru arrik ba?

       —Ez, ez dogu atrapau.

       —Zeuk be ez dozu atrapauko —jardetsi eutson Martolo Baltzak.

       —Txirula auxe jo bai? eta atrapauko dot. Entzun egizue.

       Muga ondoan jezarri gintzan eta Mikelen txistu otsa entzuten zan lau kilometroan be. Aren soiñua! Olako baten esan eutson baserritar bati:

       —I, tiratu egiok kordel orri. Astiro gero, bestela iges egingo dau arraiñak!

       Goikolako Praisku asi zan indarka. Apurka tiratuten eutson kordelari. Besteak txirula joten eban. Zer zan a? Milagroa ete zan? Geure bizian ikusi dogunik arrain ederrena zan. Kangrejo lodi ta zabala. Ikaragarrizko amarratzak eukozan. Nondik barrabas urten ete zan?

       —Asto batzuk zaree —erantzun eutsen Mikelek—. Kangrejo arrak olako leku illunetan dagoz, baiña txistu edo txirulaz baiño ezin atrapau daitekez. Aitearenka egozan geure lagunok.

       —Eta emongo deuskuzu txistutxo ori? Bageunka!

       Begiak be ñirñir egiten eutsoen, txistu axe gura eban ba.

       —Artu egizue ba ta datorren igandean barriro etorriko gara. Ea ezer atrapetan dozuen gero.

       Agur egin guztiai ta aldendu giñan. Mikel ezik beste guztiok ikaratuta gengozan. Zelan arraio atrapau eban otarraiña? Otarrain edo langostea zalako, ez kangrejoa.

       Baiña baserritarrak egingo eben jakin gurarik, astelenez joan nintzan erritxo aretara. Leku ezkutu baten parau bai? eta kangrejotan ebiltzanai begira nengoan. Muna ertzean ebiltzan lau baserritar. Euretariko bat asi zan txistu edo txirula joten. Zarata galantak ateraten ebazan, baiña kangrejo arrik ez zan agiri. Egunero-egunero erri osoa joaten zan errekara. Nor geratu zan txistua jo barik? Jo eban Juanjo zapatariak, baita «Inpernu» anka-zabalak be, Narruako Josepa loditoneak berak be txistua jo gura izan eban.

       Baiña zangurru arrik ez zan agertzen!

       Urrengo igandea eldu zapean, Murua erri osoa antxe egoan. Agurrik egiten be ez euskuen itxi.

       —Emen ez da agertu zangurru arrik gero —esan euskuen.

       —Asto zaar batzuk zareelako —erantzun eutsen Mikelek. Lelo alako orreik!

       —Ondo jo dogu txirula ba.

       —Neure emazteak berak be jo dau.

       —Baita geure Pedrotxok bere. Ganera korneta izan zan errejimentuan.

       Ango berbotsa ta zokorruak burutik eragiten eusten. Baiña Mikel pozik egoan. Barre-barreka.

       —Ea, neuk joko dot barriro. Goazen igandeko lekura. Erri osoa joan zan bere atzean. Aguazilla bera be antxe zan. Urtean ogei duro kobraten dauzan aguazil gaixoa. Besterik bear bere ez ta! Bolanderak botateko bear izaten dabe. Guztiak, jezarri ziranean, Mikelek artu eban flautea. Asi zan txiruli-txiruli.

       Soiñu barregarria. Olako baten oiu egin eban:

       —Tira sokeari! Or dago, or dago zangurru ar ederra. Eta begi guztiak zabal-zabalik ziran bitartean, ikaragarrizko zangurru bat jaso eban. Txalo utsa, gora ta bibak baiño ez ziran entzuten.

       —Non erosi dozu txistu ori? —itaundu eutson atso zaartxo batek. Neure Iñozentzirentzat ederto letorke olakoxe bat.

       Baiña aren atzean beste guztiak itaundu eutsoen. Azkenean esan eutsen:

       —Zoaze Bilbaoko Askogitxi kalera, bai? eta antxe eskatu egizue olako flauta dotore bat.

       Esan baeban, esan eban! Murua osoa an izan zan. Dendan egozan txirulak saldu ziran, geiago eskatu ziran. Baiña alperrik. Granorik ez zan geratu! Eta ez bazan barregarria! Muruako biztanle guztiak erreka ondoan ebiltzan, txistu joten ibilli bere gero.

       Baiña zangurru arrik ez zan agertzen. Andik egun batzuk barru Mikel etorri jatan.

       —Ea, lagundu egistak alako arraindegira.

       —Zetan?

       —Langosta bat erosten. Gau gabean joan bear joguk Muruara ta ango errekan langosta auxe jaurti. Sokan ondo amarrata gero.

       Nire barre zantzoak entzun ziran Fikan. Orduantxe konturatu nintzan Muruan atrapetan ziran zangurru arrak zelakoak ziran. Mikel barrabasak eroaniko langostak ziran. Apur bat ixildu nintzanean, Mikelek esan eustan:

       —Baserritar batek burla egingo deustala neuri uste dozu ala?

       Igande aretan egin nebazan barreak! Murua erria erreka ertzean zan. Umekondoak eurak be firuli-firuli. Ikusteko be!

1934-IX-16

 

2. LITERATURAZ

 

 

Pizkundea

 

       Itzaren gomutagarria! Atika deritxon erriko erleak samurkiro ezti gozoa egiten eben aldiko gomuta alaiak, itz onek burura dakarstaz. Antziñako ontzi edo zaagi zaarratan ardo barria eusko gogoaren jaietarako ekarri gura dabenaren elburu, bizitza barri eta joriagoa, orri zuridun idaztiak, biotz uts diran olerkiak, iturri ertzetako irudi lilluragarriak itz onek bat-batean bere edertasunez dikurz.

       Pizkundea osoz loratu zan errietan Italia nausi da. Andra eta gizonak Greziako argiz argituta neurtitz samurrak, idazti ederrak landuten aldi atan iñarduen. Marmol zurietan gizon ospetsuen soin indartuak, deunen gogo zerutarrak agertu eta eleiz oroigarriak gunien jainkotasuna eta edert a zeruratuten eben aldiko pizkunde zoriontsua. Aldi alaigarri arek erririk erri eroiazan asaben eredu kementsuak, gudate garaipenak abesten iñarduen imeurlari trebeak.

       Bere elburuagan erriak itxaropena eukon. Uzkurtza, aberria eta edertia bat egiñik ebiltzan, doipuruak euren laguntzarik iñoiz ukatu barrk, bakaldunen jauregietan abegi ona egiten eutsen. Illunpetik argira igaroteko zubi ederra Pizkundea izan zan. Aren mosuaz libururik aintzatsuenak argiratu ziran.

 

       Eusko Pizkundea

       Barri dan bazkun begiko au maitasun egoz gaztetasunak goi-gora daroa. Politika edo zizki-mizkietan bere kemena, oldargea eta sua jardueraziten ez dator, euskerazko idazti politak, geure erriaren jakintza lortau daroien ipuin eta esaerak, eusko gogo barruan egoak zabaldu eziñik dagozan gurari samurrak euren kaiolatik atara eta zeru urdin zear bialdutera baiño.

       Bere altzoan Pizkundea deritxon bazkun onek idazleak ezeze, margolari, ereslari, euskaltzale, olerkari eta abar besarkatu daroiaz.

       Norbera zer dan, noragiñokoa dan jakitean zoriontasun guztien arroiña tente dagoala jakintzak esaten deuskun ezkero, geure erriari zer dan eta zer izan bear dauan erakutsi daiogun. Kanpotik ez, barrutik baiño eusko zaletasunak urten bearko dau, egiazko igaliak jadetsi gura badoguz. Zenbat diru eta kemen leengo aldietan itxasoan goldetu ete doguz!

       Batek ba daki! Aizean erein ete doguz edo nago. Erriak ezeze, jakituntzat euren buruak orraztuten dituenak be, eusko edesti, oitura, elerti eta beste gauza askotzaz zer ete dakie?

       Bere edertasun guztiak argi ezagututen dabezelako, Jainko beregan atsegin da. Norbera zer dan sakonetik dakianak, bere gauzetzaz be zintzoen, sutsuen jokatuko dau. Erriak asaben egite aipagarriak, bere izatearen garbitasuna ezagutuko dabenerako, eurrez toki guztietan lora euskotarrak sortuko dira. Eguzkiaren mosua zelai eta latxinetan samurtsu lotuten danean, txiribita politez dana josirik ez ete dozue ikusi?

       Pizkundearen mosu biguna Bizkaiko muru, egi eta lantzarretan zabaldutean, zinez ikusgarria izango da toki guztietan erneko diran lorak batutea…

       Idazle guztiakaz txorta bat egiñik, anaitasuna ontzian orok itxasoratuaz, bakez, alai, kementsu eta azkar mendi goietan argi dagin elburua igotea, Pizkundearen zeregiñik ederrena izango da.

 

       Euskera, euskeragaitik?

       Izkuntza beste elburu barik ez, ori gauza ez da, aberriagaitik baiño. Euskera gure izatearen agerpen garaiena dalako, pizkundearen leenengo orrialdean arro-arro agertuten da. Uzkurtza eta abertzaletasunaren esiak iraun dagian, pizkundeak euskera landu eta orraztuko dau. Elearen pizkundeari bakarrik naiko ez deritxolako, eusko gogoaren beste kutun guztiak be biotz ganean gordeko ditu. Euskera bide dala, erriaren txinparta biztu gura dau, suaren suak inguru guztietara gure izatearen zergaitia, aberriaren garrantzia eroan dagian. Gaur agintza baiño ez dan pizkunde onek, biar egun ederra izango dau. Bere ezpanetan abestia dager eta gaztetasunaren abestiak maitasuna edo itxaropena baiño ez dauz agertuten.

       Pizkundea gaztea da eta gaztaroan egin ezin daitekenik ez dager. Euskera zaarrari gaztetasuna mosu bero bekokian emotera dator. Vicaire olerkari ospetsuak iñoazen neurtitzak pozik jarriko neuskioz:

 

              Adorable et terrible, eblouissante et douce

              Tu m'apparus, Jeunesse, une rose a la main.

 

       Laguntza

       Guztiakana bakez datorrenari ba, ez arri koskorrik bidera jaurti. Bertsoak dakarzan lan orok garaipen seaskan kulunkatu dagizan, gorroto kiñuak baiño maitasun txalo eta abegi bearragoak ditu. Artez jokatu gura dauanari laguntza ukatutea, aurka egitea samingorragoa izaten jako. Diruagaz ezeze geure izenakin lagundu dagiokegu. Idazleak lumak zorroztu dagiez, dirudunak sakelak zabaldu. Pizkundeak guztien zale kutunak izan bearko. Laguntza onena, zintzoena, artezena bakoitzari maitasunak erakutsiko deutso. Maitasuna bizi-bizi biotzetan daroazun artean, egin gura dozun guztia, ez dozu biderik galduko eta. Nai izatea, aal izatea da; maitatutea esku artean gauzea euki bez, gura izatea eta maitatutea baiña erdia ezeze, amaia be bai dala esan daikegu.

       Pizkundea deritxon bazkun onetan era guztietako anaiak batutea nire dei sutsua izango da. Guztiok bat izatea gauza ederra bai dala. Lorondo bateko larrosak milla badira, milla orritxo larrosa batean koiu badira, anaiok, zelan alkartuten ez garan.

       Zeru garbi-garbia gabaren altzoan izarrez dabillen ordu urdiñean eozko txindak mendi goietan Pizkundearen abegia joten dau. Aizean dator gogo maitalaria mosu bailitzan. Abestiaren samurra!

EUZKADI, 1930-II-16

 

 

Eredua

 

       —Zeure euskerarik ezin ulertu dot, iru begiakaz irakurri ostean be. Mesedez klaruago eskribidu egizu.

       —Argiago esan gurako dozu, ezta?

       —Bai, klaruago. Euskera barregarria darabiltzue eskribiente guztiak. Fazillago ulertuteko eskribiduko bazendue, zenbat periodiko leiduko leukeen.

       —Zoritxarrez, guztien poza eta atsegiña ezin egin dogu, ba. Batzuk euskera garbian idatzi daigula eskatuten deuskue, besteak barriz, motroilloan. Guztiai atsegin emoteko aaleginduko gara.

       —Ez, batzuei bakarrik atsegin edo plazer emon egizue bakarrik. Periodiku onetan leiduten dabena konprendidu dagiela.

       —Ulertuko dabe erraz, lan apur bat egin ezkero.

       —Neuk be liburu bat daukot eskribiduta, euskeraz atan be. Berreun orri daukoz. Pagina orreitan materirik sakonenak darabildaz.

       —Zer diñozu materirik sakonenak? Materi geure errian zauriak darion loia da.

       —Ez, erderaz materias esaten dana. Liburu orretan ba, diñodan legez, materirik sakonenak erabilli arren, euskera fazilla darabilt. Danak ulertuko deuste, zeuk esaten dozun legez.

       —Pozik entzungo neuke liburu orren ataltxo bat.

       —Ona emen pagina bat: Politikako problemetan gobernuari lagundu bear jako. Soziedadeko negosioak ez dira arreglauko piztolakaz, tiroka ibillita. Gobernuak intentziño ona dauko guztiai lagunduteko. Probintziak barriz erreboluziñoa egin nairik dagoz.

       —Naiko da, ez geiagorik irakurri. Guztiak ulertuko deutsue idatzi ori. Baiña nongo izkuntzan idatzita dagoan esango deustazu?

       —Euskeraz. Nongoan uste dozu ba?

       —Euskeraz eta orrenbeste itz barregarri? Ez ete dakizuz itz orreik euskeraz idazten. Itzak erderaz eta joskera erderatan darabilzu. Ganera ez euskaldunak ez erdaldunak ez dabe ulertuko zeure idaztirik.

       —Enbidia daukozu zuk, ez besterik. Oraindikarren batek ez dau ondo idazten emen.

       —Zergaitik ipiñi artzaia, guztiak esaten badabe pastorea?

       —Guztiak ez, Bizkaian eta beste errietan artzai erabilten dabelako. Ganera, batzuk txarto erabilten dabela eta, danai txarto erakutsiko deutsegu ala?

       —Bueno, itz ori euskeraz ipintea ez dago txarto be, baiña eta usoa palomearen ordez, leioa bentanearen ordez? Zelako barrabaskeriak dira orreik?

       —Barrabaskeriak ez dira gauza oneik. Euskeraz idazten dogunak gauza bi begien aurrean erabilli bear dogu. Bata, irakurleak ulertu dagiela idazten dana; bestea, apurka-apurka euskerea landu ta jaso daigula.

       —Altzau ezta, altzau? Ba gaur egiten dozuena ez da ori. Tripak atarako deutsozuez laster euskereari.

       —Ez dakigu ba, lan ona edo txarra egiten dogun. Baiña Euzkadi goratuteko idazten dogu. Euskerea maite badogu ez da euskereagaitik, aberriagaitik baiño. Izkuntzak ez dira ezer abenda ta aberri barik. Geure aberri oneri orrela lagunduko deutsagula uste dogu bai? eta aurrera goaz txarto edo ondo. Akatsak ataraten dabiltzanak, euskerea ilda balego, pozik legokez. Baskongados dira orreik, ez euzkotarrak.

1931-VIII-13

 

 

Unamunoren otsak

 

       —Unamuno nor dan ete dakizu?

       —Zer uste dozu, edozein gizonen abizenak dakiguzala baserritarrak? Nor dan jakiteko, azaldu egiskuzuz Euzkadiren alde egin dauzan gauza on guztiak.

       —Euzko erriaren alde ezer ez dauan egin arren, gizon ain altsua dozu Unamuno jauna. Espaiñatarrak beintzat goralduten dabe eta geure auzoko orreik ez dira zaletuak edonor aintzatuten.

       —Unamunok baiña, sekulan ikertu dauz geure erriak, langilleai itz egin ete deutsue, lurlangilleekin egon ete da?

       —Ez, orrelakorik ez dau egin; baiña idatzi dauz.

       —Ja, ja… idaztiak idaztea gauza erreza dozu; gizarteko arazoak aztertutea osterea, ez da ain gauza argia. Astakeri asko esatea aiña erreza da idaztea. Baiña erriak igitu nai diranean, itzakaz barik egiñakaz etorri bear zara.

       —Idazlari orrek ainbat egin dau erriaren alde bere. Beocia Euzkadiri deitu eutson, gero baserritarrak iñongo atzeratuak eta iñondiko liaduak egin euskuzan. Dana ostera, «El Sol»ek diñoan legez, geure onerako.

       —Bai, geure onerako izango da, baiña euzko erria betiko amaituta balego, pozik legoke jaun ori. Orrek ez daki zenbat balio daben geure gogoak, zelan ezagutu gurarik ez dau nabaritu ta. Idazlaria izan arren, ez dau iñork ezagututen erria udako ikertaldi bat egiñagaz batera. Urteak berton daroaguzanok bere oraindik ez dogu ikutu Euzkadiren guna.

       —Ikusten da zeuk ez dozuzala irakurten Unamunoren idaztiak. Zelako muiña euki daroen. Gaur berton irakurri dot Espaiñako izparringi baten artikulu bat eta biotza bigunduta geratu jat.

       —Zertaz jardun doa, ba?

       —Pardo deritxon esparruko «matriarcales encinas castellanas» Ikusten joan jatzu Unamuno eta arteak dirala ta, zelako itzak idatzi dabezan…

       —Gero… arteak ikertatzen, txarriak joaten dira kuzkurra jaten edo…

       —Ori bere esan deutsu, txarriak: komunistak. Quijote, Gernikako aretza eta ez dakit nik zenbat gauza ekarri dauzan idaztera.

       —Ederto jagok. Arteak ikustera joan eta kuzkurra jan. Unamuno jaunak ondo egingo dau bere bizian geure artera etorri ez egitea, ango «matriarcales encinas» artean bestela biziko dalako.

       —Geuri bere lantzean beiñean kuzkur batzuk bialduko deuskuz. Beociakoak orretarikorik jaten ez daben arren, pozik artzen dabezalako gaztelarren emonak.

       —Leengoan Euzko Araudiaren aurka egin eben eta gaur kuzkurretzaz jardun dau berriz. Zer ikusirik ete daukoe Euzko Araudiak eta kuzkurrak edo ezkurrak?

       —Bai arranotan. Unamuno joan jatzu Pardoko arteak ikustera euzkoentzat ezkur edo kuzkur pilo bat batzera. Bezuza ederra bere abendakoentzat. Baiña gu beintzat ez gara joan kuzkur billa, ori bakarrik jaun argiai otuten jake.

       —Bai ba. Euzko Lege gaiagaz bere errian arrotza bailitzan artuko ei  leukee eta ezkurrak jan ezkero geure antza artuko dau. Nik esan dot gizon gurena dala ori. Similis similen querit.

       —«El Sol»ek ikusi dau Unamuno ezkurrak batzen ei  Pardo-n baiña ostera ez dauz ikusi euzko gizonak Gernikan batuta. Tamala da eguzkiak ori baiño argi geiago euki ez egitea.

       —Unamunori, ostera, dei egin bageuntso bazkari bat egiteko, laster «El Sol»en lerro guztiak baltziturik etorriko ziran. Goralduko genduezan olako aurreratuak garalako. Erriaren onerako batzean, ostera, ezer ez gara.

1931-VIII-15

 

 

Ikaskuntza

 

       Unamuno jaunaren purrustadak irakurri dodaz, erderaren alde itz eta mintz gogorrak egin dauzalako. Gizon jakintsua ei da Unamuno. Egia izango da. Berak idatzi dauan gunia irakurri izan dot eta astoa dalakorik ez dot uste.

       Orain baiña, elgorria (sarampión) sortu ei jako. Erderaganako elgorria. Artega dago gizona. Bai-bai, euzkotarra odolez dan arren, gogoak iges egin deutso. Salamancako uri zaarrera iges egin. Bilbako azoka zaarra aaztu jako.

       Gogoak iges egin deutsola ikusteko euskeraren aurka diñozanak irakurri bear dira. Euskera gaixoa ei da eta oraindik bururik ez ei dau jaso. Baiña Unamuno orrek bururik jaso dagian be ez dau gura. Ama il zorian badago, lenbailen il bear ei da. Filosofoak dirala esango dabe gero gizon orreik. Abenda onek esirik gurena daukoan ezkero izkuntzan, jauntxo orreri ez jako atsegin aldenduta ibiltea. Euzkotarra izan gura dau, aintzakotzat daukolako. Baiña erdalduna biurtu dan ezkero, aberri biakaz bat egin gura, beraxe erdian egoteko. Beata batzuk izaten dira olakoak: Jaungoikoarekin eta txerrenarekin ondo egon gura izaten dabe eta kandela bana opalduten deutsoe.

       Gogai edo idean pelotari ona dozu Unamuno. Euzkoen antzera da onetan. Baiña jokorik andiena jokatu dau orain. Aldun batzarretan. Erdera irakatsi bear ei jake guztiai. Eta zelako zizpuruak egiten dauz gero, umeen gogoai ez jakela miñik egin bear euskeraz irakasteagaz eta. Emen diran erdaldunak begi aurrean daukoz, baiña ez emeko euzkotarrak. Umeak dira guztiak, baiña etxekoak ez deutse ardurarik emoten, kanpokoak bai.

       Konke euskeraz irakastolak balira, erdaldunen umeak jasan bearko leuke askotxo ezta? eta erderaz erakustean, emeko euzko umeak zer egiten dabe? Oneen gogoak ez ete dabe balio besteen aiña? Ganera, gitxienak balira be, baiña geienak izan, etxean egon, eta etxean be, biotzak eta sentimentu guztiak eraildu deutsoez.

       Unamuno dan gizona. Pelotan iaioa dan arren, oraingoan txapan jo dau. Catalandarrak eta euzkoak tantoa irabazi deutsoe. Eta zer egin dauala uste dozue jaun orrek, jokoa galdu dauanean? Espaiñako Konstituziño barria ezertarako ez dala diño. Uzkurtzaren aurka egin zanean ardurarik ez, baiña bere kutunen ziran gogaietan zauritu dabenean, erregearen goralbenak egin dauz. Olakorik ez dau iñork egiten, burua sorbalda ganean badauko.

       Sarri azaldu izan dogu irakastoletan erderaz be erakutsi bear dala, zoritxarrez izkuntza au bear dogulako. Baiña euskerea beti nagusi. Bakoitzari bere izkuntzan. Erdereak be alde arrazoi bakarra agertzen dau: laterriaren izkuntza dala. Baiña gogoko arrazoietan ez dauko arrazoirik. Agintaritza gauzetan bego dagoan tokian, baiña ez biotzeko zeregiñetan.

       Unamunori ez deutso ardurarik emoten Espaiñako laterriak eta nagusitasun abarrotsak, berak erderaz idazten dauan ezkero, guztiak erderaz jakin dagien baiño.

       Idazlearen arrokeriak urteten deutso alde orotatik. Idazlariak arroak dozuz ba ta. Eurak idazten daben izkuntza munduan ezagutu dabela ute deutsue. Gixajoak.

       Bakarra ez da zonor onetan Unamuno; beste asko ba lira, baiña geuri min andia egiten deusku euzkotarra dala diñoan gizonto onen purrustadeak. «Idioma universal» ez ei da geure ele au. Zelako olerkiak, poemak, irakurgaiak ete daukoz euskereak burua erakusteko. Franceko idazlari batekin nengoala, auxe berau itaunduten eustan. Baiña izkuntza zeuretzako olerkietan eta liburuetan ete dago?, erantzun neutson. Eta ben-ben, baietza emon eustan. Euskera orain ez da ba elea, baiña poema andi bat idazten danean, izango da. Zorakeri galanta, aldakuntzarik ez dau jasango eta. Goraintziak Unamunori.

1931-X-25

 

 

Idazleai

 

       —Ezin da lor au.

       —Zer dozu ba? Larri zagoz edo?

       —Larri nago, bai. Amaikatxo idazlan jasoten dodaz egunean ta ezin guztiai toki egin.

       —Zergaitik dozu urduri izan bear?

       —Zelan ez naz urduri izango ba? Idazkiak iñoiz argitaldatu dodaz eta idazleak asarre bizitan dozuz, euren lanak ez dabezalako irakurri izparringian. Egunean iru orrialde euskereari emongo bageuntso be, ez dakit tokirik izango ba geunke.

       —Gitxiak larrituten zauz.

       —Ez gitxiak. Idazle guztiak dira neuretzako bardiñak. Anai ta adiskideak. Ganera guztiak «iganderako» ipinten deutsue lerrotxoen azkenean. Zer egin?

       —Nik ba dakit zer egingo neuken…

       —Esan egistazu ta eskertuko zaitut.

       —Onentxoak argitaldu ta besteak erre.

       —Ori zeuk egingo zeunke, baiña nik ez. Txarto idatzita datozenai, apaindu bear deutsezuz, orraztu. Zigorrakaz ez dozu ezer irabaziko, eztiagaz bai ostera.

       —Eztia emon egizue idazle batzuri… Astoarentzat ez da egin eztirik.

       —Ez ona etorri gero iñor irainduten. Etxekoak ez diranentzat ondo dagoz sartakadak, baiña etxekoentzat ez.

       —Urrengoan ibilliko zara larri ta estu. Zirti-zarta otzara barrura jaurtiten badozu, bake txarra ez dozu izango.

       —Abertzale bat irainduteak min egiten deust neuri. Batzuenak otzara sakonetara jaurtiko dodaz, baiña lerrotxo bitartez azaldu gura deutsoet egite txar onen zergaitia.

       Azalpenik emon ez eta idazkiak argitaldu ezean, minduten dira idazleak eta arrazoiaz mindu be.

       —Ez neure zeure kolkoan bizi gura. Izki illunak irakurten, okerrak zuzentzen eta abar zagoz maai baten ganean. Eta zertarako lan ori? Izkerak zer irabazten dau idazle orreen lantxoakaz?

       —Zer irabazten dauan? Asko ta asko. Lan ori aberria egiteko da. Ez da naikorik? Ganera euskeraren zaindari buru dira geure idazleak. Bakoitzak aal dauana egiten dau ta asko dakianari asko eskatuten jako, ta gitxi ezjakinari. Buru argi lar dagoz gaurko egunean, baiña ez dabe gauza andirik egiten Aberriaren alde. Gaixo oneek ostera, amaikatxo lan eder dagie.

       —Zugaz txartxan jarri baiño gurago dot txaidera joan. Agur.

       —Agur ba.

       Atzo larunbatean izketa auxe euki neban adiskide bategaz. Zeuek esango dozue bide onean nor dabillan. Idazleok parkatu, asketsi, idazki guztiak argitaldu ez badodaz. Ogei dagoz neure kutxan atzeratuta. Errietan abertzaleak idazteko zaletasun bizia daukoela onek esaten deust. Orixe dikur bai, gaurko joritasunak. Aurrera.

1931-XI-29

 

 

Eskerrak

 

       Eskerrak egin, bearrean nago idazle ta adiskide askori. Neure Bide barriak dirala ta, eskutitz asko jaso dodaz zorion agurrez. Batez be Gipuzkoako anai batzuk agurrik maitekorrena egin deuste. Eskerrak! Euskereari indar apur bat emoteko baiño ez dot idatzi. Ontzat artuten dozuela neure lantxo au ikustean biotza asetuten jat. Adiskidetasunagaitik dalakoan nago, ez idaztiaren gaiagaitik. Egun gitxitan pillo andia saldu dot. Orrela laster da amaitu. Idazle bateri atsegiñen jako auxe. Biotzetan sortuko al dau neure idaztitxo gaixo orrek euskereaganako maitasuna. Izkuntza baztertu onetan be gauza asko esan geinkezala azaldu gura izan dot. Ez dakit osatu dodanentz edo ez.

       Guztioi ezin erantzungo deutsuet, baiña lerrotxo onein bitartez agertuten deutsuet neure atsegiña ta esker ona. Aurrera jarraituteko indarra emon deustazue, beti izkuntza maite onetan idazteko oldea. «Bide barriak» dira gaurkoak, laster izango dira beste bide batzuk. Aberriaren abestiak, geure aur kutun onen goralpenak. Gitxi ez da ba, zuen agurrok bultzatuten nabe lan egiten. Baiña euskeraz jakin ez arren erosi dabenai, eskerrik ugarienak. Bilbao onetako aldra batzuk erosi dabe, euskerari lagunduteko bide onetatik, eurok jakin ez arren geure izkuntza. Pozgarria da. Idazti oneitan geienak zoztor egiten dabe. Eskerrak zuei, ez dot oraingoan egin.

1931-XII-11

 

 

Eztabaida

 

       «Argia» asterokoan idazkitxo bi irakurri ditut «Bide barriak» dirala ta. Larreko, idazle askoren maisuarena bata. Larreko jaunak berari jagokon erara, argi ta maitekor idatzi eban. Eskerrak egiten deutsodaz, egiaren aldetik dabillalako.

       Gaurko idazleen artean erdal usaiña darabilgula egia da. Tamalez erbestetarren ekintzetan argiak gara. Geure gaztaroan egin doguzan ikaste guztiok, erderaz. Eta urteetan euskera be ikasi bagendu!; baiña txikitan itz batzuk euskeraz entzun arren, geienak erderaz baizik ez dogu egin. Euzko idazleai jarraitu bear deutsoegu tinko-tinko, batez be antziñako idazle jatorrai. Onetzaz itzik be ezin egin daikegu, guztiok gagoz asmo onetan eta.

       Larreko jaun onak ondo daki nora jo bear dan eta bere onuak aitzakotzat artu bear doguz. Euskal idazleak azaletik baizik ez dogu joten geure elea.

       Baiña napartar idazle agurgarriaren oste, beste batek be ots egin dau Argiaren orrietatik. «Euskaldun batek» izenpetuten dau. Nor dan ez dakit, euskaldun asko diralako, baiña igarriko neuke bere jaubea. Bide barriak ez dira idazle orrek uste dauan tokietatik ibilteko. Izkuntza barria ez, zaarra bear dogu. Gaurkoa tinkotu daigun, guztiz tinko joskeran. Baiña tamalez, leengoan ondo ibilten dakienak ez dira agertzen bestean aginka egiteko baiño. Gauza erreza da bata besteak egiten dauan lanari akatsak aurkitutea, baiña norberak idazti bat argitaltzea ez da orren erreza.

       Bide zaarrak ezagututen dabezan orreik ixillik dagoz edo. Ganera, neure idatziatzazkoa oker dago. «Bide barrijak» baderitxot, ez da izkuntzagaitik geiagogaitik baiño.

       Orain arte erabilli ez diran gaiak diralako geure liburuan, izen ori jarri neban.

       «Lauaxetaren «Bide Berriak» (sic) ez dut ikasi: Bizkaieraz egon bear du eta nik ez dakit gipuzkoeraz baizik». Neuk be ez dakit bizkaieraz baizik eta ezin idatzi ba, gipuzkeraz. Tamala ez da erriko txokotxoan sartuta bizi izatea!

       Eta oraingo olerkietaz diñoana egia izanen da, noski: «Ulertu eziñak» «Alaz ere oiek aipatu eta oiek saritu». Euskera errezean egiñak non geratzen dira ba? Gai danak olerkiak egiteko egin bediz, errez edo gaitz. «Ori ez da euskera txunkutzeko bidea, naspiltzeko baizik». Baiña naikoa ez da au esatea.

       Oraindik zeresan geiago dauko idazleak eta ona zer dirauskun:

       «Orregaitik olerkari batzuek, asko ez izan arren, zaletasun andia dutenak eta olerki politak egiten zituztenak, gogaitu ta zapuztu dira, ba uste det oien galera euskerari ez diotela ordaintzen bide berritik nai dutenak».

       Bide barritik doazenak goralduten dabe ba, Arresetar Emeteri olerkari aintzagarria. Bide ertzera jaurti ete zaitugu, Arrese, oraingo barriak? Ez dot uste, olerkari orren liburu bietan pozik edaten dogulako askok. Enbeitatar Kepa gogaitu ete da oraingokoak ez dabelako sarituten? Ez. Garbinai olerkari jaioa be baztertuten ete dabe barriak? Gabirel eta beste batzuk? Ez, benetan olerkari diranean, aintzakotzat artzen dabez guztiak.

       Sariketan olerki bi izan dira sarituak: neurea bata, ta bestea Lizardirena. Euskera txukuntzeko ez dira izanen, naspiltzekoak baizik. Baiña nik eta Lizardik ez daukogu errurik epailleak ontzat artu badabez. Euskera erreza daukoenak ez ziran agertu eta…

       Olerkariak ez dira gogaituten bide barrietatik dabiltzanak dirala ta, euzkoak ez daukoelako olerkarientzat txalorik baizik. Tamalez asko dira geure artean orrelakoak, baiña ezer egiten dabenak be geiago irabazten dabe ixillik egonaz. Izkuntzeari lagunduteko bide guztiak dira onak. Euskera ondo ez dakigunok aal dogun eran idazten dogu. Baiña beti, aberriaren izkuntza dalako ta maite dogulako geure erriaren ezaupide ederra. Nik ez dakit gipuzkeraz edo bizkaieraz edo lapurteraz ibili barik aal doguzan mota guztiak ikasi. Euskeraz beti mintzatu. Batzuk txarto egiten dogu, beste batzuk obeto, banakak ederki. Gorengo maillara igon gura dogu guztiak, baiña ezin… Euskaldunak jaiotzetik eta beti euzkotar artean bizi diranak, ez dakie zelako lana egin bear dan geure izkuntza ikasi ta itz egiteko.

       Aalegindu bediz ba, euskera zaarra ta errikoia dakienak idazten eta lan egiten. Izkera amak baleukoz idazle guztiak argiak eta azkarrak! Aurretik doazenak erakutsiko deuskue ba, bidea. Zaarrak edo barriak, betoz, itxaropen bako mendi onetan galduta gabiltza eta.

 

 

Barrizaleak

 

       Kofradi barri egiteko, zer bear dot? Adiskide batek itaundu deust. Zer bear dan ez dakit ba, erantzun deutsot. Eskapulario andi bana lepotik zintzilikan jarriko, uleak moztu, bizarra kendu ez edo.

       Orreik kofradi bat egiteko bideak izango dira; kaputxino edo olako fraileak bizar, eskapulario ta abar izaten dabez, nik baiña kofradi barri bat asmatu gura neuke.

       Aita Santuaren baimenik ete dauko, larri itaundu deutsot adiskide minari.

       Ezta, erantzun deust, ez daukok Erromako baimenik. Bearko ete dogu ba? Ez dozu bearko ba!

       Ara ba, jarraitu eban neure lagun orrek. Kofradi bat esan dot, baiña bi be izango dira. Galtzadun mutillak asmatu bear doguz. Galtzak besteak be eukiten dabez, gizona, nik. Galtzak estalduta areik, erantzun deust berriro.

       Ea ba! Azaldu egidazu zelako kofradia egiteko zaran! Idazleakaz kofradi bi egin gura dodaz.

       Neure begi andiak ikusi ebazan edo, larritu zan ba. Ez dozu sinistuten ezta? baiña idazleakaz kofradi bi egingo dodaz. Batzuk bizar luze, eskapulario, jantzi nabar, ortozik, barazkiak baiño jaten ez dabezanak.

       —Kofradi orretan neu ez naz sartuko, ba.

       —Ez, kofradi orretakoak izanen dira errez zaleak. Bestekoak barriz, señorito antzekoak. Oraingoan idazten daben ginbaladunak. Nefelibatas deritxoe. Elegante ibilliko diran arren, anaitasuna bearko dabe, besteak be euren aurka gogor egingo dabe.

       —Ez dira burrukaldi txikerrak izango kofradi bi onein artean.

       —Burrukaldiak non ez dira ba? Iñoren lanari eskerrak egiten ez dakienak, «que todo tiempo pasado fue mejor» eta orrela itz egiten dabenak kofradi zaarrera joango dira. Txoroak, ganora bakoak barriz, bestera.

       —Jaungoikoak eskutik eukiko al gauz.

       —Bai; Goikoak eukiko gauz eta ganera epailleak jarriko doguz, euren eztabaidetan gauzak zuzenduteko.

       —Epailleak jarri? —galduak gara.

       —Baiña nortzuk izango dira batekoak eta bestekoak?

       —Gauza erreza, ezin konsentidu edo sufritu geinke, esplikaziño klarua eta abar idazten dabezanak alde batera, bestera ostantzekoak.

       —Eta erdian ez dira geratuko batzuk?

       —Ez, erdikorik ez dago. Bakoitza zein kofradiko dan epailleak esango dabe. Batzutan eztabaidak arteztuteko etorriko dira, iñork dei egin ez deutsoenak. Erderaz esaten dabena, oneik be agertuko deuskue: «Ya estoy aquí porque he venido». Norberak bere agoa daukonik ez da entzungo. Kofradi batekoak edermen zuria, besteak baltza. Ta kito, ez itzik ez putzik egin gero!

       —Baiña gorria, beillegia, urdiña, nabarra, oria, orlegia, ostiña ta abar dira margoetan be.

       —Ezetz gizona, edermen bardiña guztiak eta kito! Neurkin bardiñak emongo jakez. Zuek lau metrokoak, besteak bostekoak. Eta batera ebagiko dozuez idazkiak. Maitenon modara. Besteak Court erara. Orain aldatu da aintziñako esakera: nabartasunean, edertasuna. Ordu baten guztiak idatziko dabe, ordu baten izparringira bialdu, lerro be bardiñak. Kobrau bear danean olakorik ez da zainduko, baiña… Tira, ez dago txarto. Askatasunik ez.

       —Larri izan bear dogu, ba.

       —Larri, bai. Eta epailleak barritzaletzat zigortuko dabe leenengo «Larreko» alorra. «Lizardi» barriz mordoillo zale ta idea bako idazleen saillera sartuko dabe, ausardikeri andiak egin dauzalako.

       —Ura ta ogiagaz bakarrik urte bian esituko dabe Lizardi ori. Orixe jauna bizitza guztirako espetxean sartu «por incorrecto». Zigor gorriegia daualako!

       Argi idazten ez eban Virgilius idazle azkarrak eta ete dakizue zer jazo jakon bati? Neurtitz batek onela dasa:

       Timeo Danaos et dona ferentes...

       Eta erdaldun batek onelaxe irakurri eban: Timoteo Danaos y doña Ferentes. Bazkal orduan ezagunak dira oneexek euren etxeetan!

1932-II-25

 

 

Biotz begietan

 

       Emen daukat esku artean idazti barri bat. Euskerazkoa dau bere mamiña. Olerkietan egaiz egin dau Lizarditar Jabierren altzotik. Idazki txikia, baiña ondo osatua. «Biotz begietan» deritxo, olerkigillearen begietan eta biotzean sortuak balira.

       Eder miñak jo dau Lizardi jauna. Noragiñokoa dan ezin adierazo, baiña neure agorako gorengo maillan jarri bear izanen dogu. Erderaz be alboko orriz datorz olerkiak, iñori ulergaitzak atzerantza eragin ez dagiontzat.

       Olerki oneik eskutara dozuzanean, neure oar auxe gomutan euki. Neuk baiño obeki onetzaz aurre itza egin dauan Orixe jaunaren itzak: «Etzazula eriosuar irakur emengo olerkirik, ahalpaldi arnas batez asi ta buka; ezta, agiz, lerro osaka, lerro erdika, laurdenka, itz bakoizka, gauzak eska dezan araura baiño. Mandoaren ur edateari baiño oilloarenari areago zagozkio».

       Lizardi jaunak goietaz egaiz dagi. Orain arteko bertsogille askoren antzik ez dauko.

       Adiskide miña jat Lizardi ta adiskide antzo gauzatxo bat belarrira. Zeure olerki ederrok abarrotsa ta zalapartak amaituko dabez. Entzun bear izango dozuz entzutekoak. Zaarzale diranak, barrizale diranai arrika egiteko begi zoli dagoz. Zeure esangai ausartuak, askoren atsegin? Ezta atsegin erdi be!      

       Gogai lar dozuz buruan eta asko bizi dira gogai barik. Oneei min besteen joritasunak edo. Olerkiz olerki neure eritzia entzungo dozu beste egun baten. Erderaz esango deutsut, ez errezago jatalako, idazkiaren zabalkundea egin nai dodalako baiño.

       Ahapal guztiak irakurri ostean, biotza asetu jat. Pozak irri egin deust begi ninietan. Euskerari orrelako olerkariak sortu bear jakozala nork uste? Baiña zeure olerki txortan atsegiñen gaur be, Tolosan saritua jat. Urte-giroak jatazan eder. Udazken, beste batzuk naiago. Uda (baso itzal) egokia. «Biotzean min dut» ez da makala, triste antzo ez ete zagoz?

       «Jabiertxoren eriotza» begietan sartu jat. Orain arte olakorik ez dogu entzun. Neuri beiñola olerkari ots egiña zara. Nik, baiña, ezizena utikan jaurti dot, zeuri ots egiteko era bardinez. Baiña olerkari iaioa zara gero. Ez zaitudala bildur, baiña etxean kirikiño baten antzera nerau sartu naiz, beste baten olerkietan urten nai ezik.

       Ausartua nintzake, uste neban, baiña bildurrak jo nau. Olakorik jazoko? Ez! Urtzik emon deutsu irudipenik lar. Doai orreei erantzun bear. «Zuaitz etzana» bizitzaren irudi begizu.

       Geiegi goratzen zaitudala iñork uste izan ez dagian be, oar bat esango deutsut. Neure ustez illun dira zeure olerki batzuk. Euskerea zeure morroi dozu, baiña noizbeinka iges egiten deutsu, ezin esituta. Onetzaz gomutan dot Carducci olerkari aipagarriak iñoana. Ezin gerketarren era esi italiarren elean eta illuna bere begi gain zala ots egiten eban.

       Oraindik biurtu barik dan izkuntza onetan, gura doguzan gogaiak ezin esan. Bakoitza gabiko bategaz gabiltz, txinpartak atera nairik. Onela obeto, bestera baiño? Izanen. Baiña naiko lan egiten dau onela barik bestela egin bear dala erakusten dauanak.

       Garcilasoren olerkiak, gaurko Alberti edo Machadoren antzeko izkuntzan? Ez. Baiña Garcilaso izan ez balitz, edo Gongora izan ez balitz, gaurko García Lorca edo Guillén be ez ziran izango.

       Lizardiren olerkiak au, ori edo bestea izango dabe, baiña olerkiak ez dirala ezin esango. Neuk be leenengo olerkari izan naiak senti nebazan. Gaur ez, eta argi esango dot: Lizardi dogu buruzagi. Kiderik ez dau izan, diño Orixek, nekez duke garaitzaillerik.

       Olako olerkari bat agertzen danean, alde guztietan poza entzun bear geunke, baiña lurralde onetan ots bat be ez dogu entzun. Negar egiteko lain. Olerkari bat Urtziren bezuza da, besteen pozgarri dan gizona. Baiña euzkotarrak ez dakie zer balio dauan olako batek. Emen olerkariak zorotzat edonork artuko dauz. Gaurkoz Euzkadin ezeze Espaiñan be, Lizardi lako olerkariak ez dira izango bi. Geure elertizaleak poztuten dira? Ez dirudi. Eder miñak barik, zizki-mizka azkureak jo dauz.

       «Biotz begietan» idaztia izkuntzaren mugarri bikaiña dogu. Askoren zoztor-bide, beste ainbaten atsegin-gai. Eta egilleari zorion egiteko seme. Semerik borobillena, xaloena ta ederrena egin deuskulako. Txapela erantzita agur, olerkari gurena.

1932-V-11

 

 

Orixeren «Maitale kutuna»ri kritika dala ta

 

       Eskerrak Orixeri egiten deutsodaz idazki au bide. Egi biribillak idatzi dauz. Zuurki dabil. Eta idazletzaz burua orraztuten dauanak, bestearen esanak goxoki artu bear. Geldiarazteko baiño, zirikarazteko dira oar orreik. Orixeri olan irudi. Neuri bere bai. Udako arotxoa igaroteko asmoz gaur kanpora noan ezkero, ezin erantzungo deutsot ariñegi, baiña aldiari berea jagokan ezkero, erantzungo.

       Oraintsuko Franceko poeta barrizaleen antzera idazten dodala esan daroela, diñaust. Ez ba. Ori diñoanak ez dakit zelango idazkerea gura dauan. Francen gaurkoetan Valery, Claudel, Gide, Cocteau-ren antzik iñondik ez. Leenago parnasiano esanak, neure gogokide, bearbada.

       «Maitale kutuna»tzaz azterketa: ederki egiña. Olerkari guztiakaz orixe egin bearko. Baiña naiakoatzaz idatziko dogu. Batzuk naiakotzat edo amaneramientotzat daukoena, besteak ez. Bakoitzak bere agoa. Ez nago antziñakoetzaz diñoanean. Zentzu eskola eukiko eben, baiña ez guztitik. Pindaro baizen romantikorik ete da? Ovidio bere bardin. Lirikan nortzuk zentzun eskola osoan? Horatius? Teokrito? Ba dira ludiko literaturatan olerkari gorenak, klasiko izan ez arren. Baiña gai au arriskuduna dan ezkero, onetzaz luzeki ekingo.

1932-IX-6

 

 

Erantzuna

 

       Egun batzuk joan jataz «Orixe»ren idatki bati oar bat erantsi neutsola, baiña lan askotan zear nabillen ezkero, neure asmoak ezin bete edonoiz. Ordu luzeak ez dodaz idazteko, astegunetan lan eta jai egunetan lan, aberriak beragan lotua narabil!

       Esanak betetuteko ostera, orain asiko naz gai aretzazko zertzeladetan. «Orixe» jaunak olerkiak eta olerkariak zirikatu gura dauz. Gogorki bere oarrak idatzi daroazala batek baiño geiagok esan daroa. «Dogmatizando» antzera diñarduala. Baiña kukurru orreik, idazle ori ezagututen dogunak, ez doguz arrokeritzat jasoten, ezta bera lakorik ez dagoalako eupadatzat. Bakoitzak bere izakerea dauko, batzuk milinga eta itxura naiakoak dira, besteak arro-arro idazten dabenak.

       Napoleon buruzagiari itaun bat egin eutsen: gizaldietan izan diran buruzagietan, nor burutzat autetsiko zeunke? Eta Napoleonen ustez iru baiño ez dira izan, ez bere izango, buruzagi izena merezi ebenak. Iru orrek nortzuk ete ziran jakin miñez, itaungilleari agotik atera eutsoezan. Guztien buru Anibal eta Cesar ziran. Eta irugarrena? Napoleonek ez eban olakorik azaldu nai, apala bere ez zan baiña. Azkenean itzetik eldu eutsen, bai? eta erantzun eban: Irugarren buruzagia nerau.

       Eta berak esan ebanari erdiak baietza erantsiko deutso. Ez dalako Napoleonen antzekorik amagandik sortu.

       Lirikan nortzuk ziran klasiko itaundu neutsan «Orixe» jaunari, orren goikotzat eukazan ezkero klasikoak. Neure obenik andiena idazle orren ustez «antziñako poeta jatorretarik ez zaio ezer aundirik itsasi» itzak ziran.

       Ez dakit askorik edo gitxirik itsasi jatan, baiña antziñekoen artean lirikan klasiko gitxi dala ederki dakit. Zenbat. «Orixe» jaunak azaldu deustaz?

       Bi baiño osoan ez dauz aurkituten: Dabit eta Fray Luis de León. Urrena nor? Ez dakigu, ba. Uste neban ludiko elertietan beste batzuk be ba zirala. Niretzat Francen dago klasikotan klasiko dan olerkari bat. Eta liriko ganera. «Orixe»k ez dauala ezagutzen edo burura ez jakola etorri neuri erantzun deustanean? Nik ez daukot orretzazko errurik. Baiña neure berbak ez dabe itzalik izango idazle orrentzat, ezta bere orri jarraituten deutsenentzat. Jo dagidan Menendez y Pelayo jaunaren babespera, arexek lagunduko deust eta. Orain urte batzuk Santanderreko idazle onen olerkiak irakurten nengoen eta euren arteko bat, Chenier idazleari opaldua zan. «Divino» deituten eutson olerkari orri, prantzitar olerkariari.

       Andre Marie Chenier lako olerkari asko ez dagoz ludion. «Espetxean zan andereño bati». «Ilzorian zan beste gazte bati». «Elegies» idaztian diran gaiak artu egizuz eskuetan eta esango deustazu klasiko nor dan. Platon neurtitzetan ez zan izan Chenier bezain «sophrosyne»tsua. Baiña Dabit eta Fr. Luis de León ezeze beste batzuk ba dira or-emen. Euren doaien jaube diranak, klasikoak ba dira. Foscolo, bere «Illobiak» deritxon olerki luzean eta amaulakoetan, klasikorik gorengoa dozu.

       Italiatik urten barik, Leopardi, klasiko argia da. Gai itunak darabilzala? Ez da ardurarik, Leopardi ez da klasikoetzaz itz egiten asten garanean aaztuta itxiteko olerkaria.

       Leopardiren neurtitzetan azalekoa eta sakonekoa, biak alkarturik dagoz. Erderaz «armonía» esango geunke eta gerkeraz «sophrosyne» sarri entzun dogu. Oraintsuago izan dan Carducci olerkaria, klasikoa ez da edo? Sei illabete ez dira Milandik ekarri nebazala aren Odak. «Nuevo poesie», «Odi barbare», «Nuove odi barbare», «Rime nuove» idaztiak artu egizuz eskuan eta antxe ikusiko dozu klasikorik danentz.

       Italian beste batzuk bere izan dira. Baiña zetarako ona etorri eragingo deutsegu besteai? Doistarrak klasiko artean ederto jarreraziko deutsoe Goetheri. Romantikoa zala? Ez. Gura ebanean romantikoa zan, beste batzutan klasiko onena, askotan asitar irudimenez josia. Holderlin bere ez da osoan izango, baiña eusko olerkariak aren aiñako klasikoak balitzaz, pozik dantzan egingo geunke. Betorz ordu onerako Englanden izan zan Ivan Keats baten antzekoak, «Endymion», «Hyperion» eta «Eve of Saint Mark»en antzeko olerkiekaz.

       Klasikorik gitxien Espaiñan izan dira, neure ustez beintzat. Or Catalunya inguruari bat puntarengoa izan eben: Costa y Llovera. Jaupari orren olerkietan zoragarrizko olerkiak dira, klasikoen artean klasiko dirala. Zertarako dakardazan izen oneik? «Orixe»ri erantzuteko, berak esaten eustan, ba: «Bai, «Lauaxeta», klasiko zer daneko ontan, uste baiño ondoagoan naukazu. Neuk bere erakutsi gura deutsat, ondo ez, baiña erdi ondo ba nagoala klasiko zer diran eta nortzuk diran gaian.

       Dabit eta Fr. Luis de León klasiko dirala? Bai baten! Baiña antziñako aietan nortzuk erakutsi eusten «sophrosyne» ori, lirikan? Virgili klasikoa izango da edo, baiña romantiko andienetarikoa bere bai. Azal zoragarria dauke aren neurtitzak, baiña mamiñez itunberak eta «emekiak». Sophokle klasikoa dala? Zazpi antzerki baiño ez daukoguz gaurkoan idazle orrenak. Zeiñetan klasikoen? Kendu egizu «Edipo Colonan» bai? eta gero esango deustazu. Antzerki orretan bai klasikoetan klasiko dala, batez bere abestaldearen leenengo abestian. Colonari opalduten deutson abestia lakorik ez da sortu.

       Baiña «Edipo Bakalduna» orren klasiko ete? Guztian ez dagoala klasiko edo «sophrosyne» betean irauten dauanik, ederto azalduten deustazu. Ni bere orretan. Baiña lirikan antziñakoen artean, Dabit kendu ezkero, agur besteai.

       Horatius ez da klasikoen artean eredu onena, biotz bakoa zalako, buru argia euki arren.

       Platon alde batera itzi dagigun, lirikan ez baita iñor. Teokrito bere klasiko sarri iruditen jat, baiña «milinga eta itxura-naiekoa», «amanerado». Baiña azalduko deutsut ez dagoala milinga ta itxura-naiekorik, ez beste koplarik, bakoitzaren idazkerea baiño. Gogo batzuk dotoreak dozuz edo «pulcras», baiña beste batzuei baserritar usaiña darioe. Eta urian sortu diran askok usain ori.

       Bakoitzaren sortuburuari bakean itzi bear jako, ta betorz moeta guztietako olerkiak eta idazlanak. Zeure klasikoen aurka berreunka jarriko neukez olerkari onak elertie tan. Englandek daukon lirikarik munduko elerti batek ez dauko. Ori zeuk gura dozunean erakutsiko jatzu. Eta zeuk gura dozuzan klasiko asko ete dira Englanden?